Musikarien eguna izaten da azaroaren 22a, Santa Zezilia eguna, eta urtero data horren bueltan egin ohi duten gisan, kontzertua eskaini zuten Juan Antxieta musika eskolako ikasleek eta irakasleek atzo, asteazkena, Soreasu antzokian. 19:00etan hasi zen emanaldia, eta leporaino bete zen aretoa.
Emanaldiaren bereizgarri, euskal musika taldeen bertsioak taularatu zituzten ordubete pasatxo iraun zuen kontzertuan. Besteak beste, Zetak, ETS, Janus Lester, Neomak eta Katamalo musika taldeen abestiak eskaini zituzten, askotariko moldaketak eginda. ETSren Aukera berriak abestia kantatuz, eta hala, musika eskolan hasi besterik egin ez dien haurren etorkizun oparoari so eginez, itxi zuten emanaldia.
Juan Antxieta musika eskolako kideek azaldu dutenez, aurreko urteetan egin bezala, Gukaren Azpeitiarren doinuak sailetik aukeratutako abestiak ere eskaini zituzten Santa Zezilia egunaren bueltako emanaldi berezian. Horien artean izan ziren Alberto Belokiren, Unai Frantsesenaren edota Alaitz Olaizolaren abesti gustukoenak. Orotara, 150 pertsona inguru igo ziren oholtzara.
Diploma banaketa
Gainera, musika eskolaren ibilbidea behar bezala osatu duten hainbat irakaslek diploma jaso zuten beren irakasleen eskutik. Honako hauek jaso zuten oroigarria: trikitiaren espezialitatean, Maddi Aizpuruk, Iraia Arandiak, Miren Intxaustik eta Mattin Odriozolak; perkusioaren kasuan, Aner Cuevasek; gitarraren arloan, Nora Ansoaldek eta Uxue Orbegozok; pianoaren kasuan, Maialen Alberdik, Sara Badiolak, Intza Ituartek, Goiatz Eizagirrek, Naike Oiartzabalek eta Nikole Oregik; biolinaren espezialitatean, Sara Jonesek, Laiene Juaristik, Nikole Landak eta Oier Sagardogik; flautaren arloan, Elaia Gerrikagoitiak eta Maria Soraluzek; tronpetarenean, Julen Illarramendik; eta saxofoiaren kasuan, Danel Etxezarretak.