Azaroaren 25a

Emakumeen aurkako indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoetan jarri du arreta Azpeitiko Udalak

Julene Frantzesena 2024ko aza. 25a, 10:32

'Azpeitian indarkeria matxistarik ez' dioen pankarta jarri dute udaletxeko balkoian. (Azpeitiko Udala)

Udaleko bi alderdiek azaroko udalbatzarrean onartu zuten Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunari lotutako adierazpena. Besteren artean, indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloak errebisatzeko, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei zuzendutako zerbitzuak indartzeko eta indarkeria jasan duten emakumeen erreparazioa lantzeko konpromisoa hartu du erakundeak. Gaur egun joera neomatxistak hazten ari direla ohartarazi du udalak.

Udalean ordezkaritza duten bi alderdiek azaroaren hasieran egindako udalbatzarrean onartu zuten Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunari lotutako adierazpena. Hainbat puntutan jarri du arreta erakundeak, besteren artean indarkeria matxista kasuek mahaigaineratu dituzten kezketan eta urgentzietan. Babes protokolo gabezia da horietako bat, eta erakundeak azaldu duenez, ezinbestekoa da udal barneko zerbitzuen zein erakundeen eta eragileen arteko koordinazioa indartzea eta hobetzea. "Deskoordinazioak eta ardurarik ez hartzeak babesaren kontzeptua eta emakumeengan jartzen den arduraren zama nabarmentzen ditu. Indarkeria matxistaren ardura ezin zaio inoiz biktima den emakumeari eskatu".

Indarkeriari "maskara kentzea" urte luzeetako lana izan dela ere adierazi du udalak: "Ez da lau zororen kontua, sistema patriarkal sendo baten ondorioa baizik". Horregatik, udalak lehen mailako arazotzat hartu nahi du indarkeria matxista. Hala jaso dute adierazpenean: "Udal egiturak egonkortu, indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeekin zuzenean lan egiten duten sailen arteko koordinazioa hobetu, berbiktimizazioa saihestu eta erreparazio eta prebentzio politiketan sakontzen jarraitu". Halaber, esan du garrantzitsua dela marko bat ezarriko duen lan eredu bat sortzea, eta hori mugimendu feministak eskatutako norabidean egin behar dela azpimarratu du. "Horrek ez du, baina, ezertarako balio garapenerako aurrekonturik eta baliabide teknikorik ezartzen ez bada".

Indarkeria matxistak mila aurpegi dituela eta Azaroaren 25a horiek denak identifikatzen jarraitzeko eguna dela ere adierazi du erakundeak. "Ukitzeak, ahozko lizunkeriak, mezu eta adierazpen sexistak, janzkera, jendarte sareen erabilera edo lagunartea kontrolatzea, eremu publikoa askatasunez okupatzeko zailtasunak edo emakumeen zein gizonen arteko berdintasuna zuzenean erasotzen duten administrazio erabakiak. Bigarren maila batean daude sexu erasoak eta eraso fisikoak, eta esparru bortitzenan, berriz, hilketak".

Gainera, aurten, bereziki arreta emakumeen aurkako indarkeria matxista ukatzeko diskurtsoetan jarri du udalak, eta horrek ultraeskuinaren hedapenarekin duen lotura aipatu du. "Nahiz eta gero eta sentsibilizazio eta kontzientzia kolektibo handiagoa egon emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartearen alde, gaur egungo joera neomatxista hazten ari da. Diskurtso horien aurrean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren datuek gogorarazten digute gure gizarteak egiturazko arazo bat duela, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean oinarritzen dena".

Bada zer egin

Herritar bakoitzari dagokio ergoera hori aldatzea, eguneroko gauza txikienetatik hasita, eta udalak ere horretan baduela zer egina azpimarratu du. "Erakunde eremutik jardunez, aldaketa gauzatzeko beharrezkoak diren baliabide teknikoak, ekonomikoak eta politikoak aktibatu behar ditugu, parekidetasun sailak sustatu eta horiei laguntza eskaini, berdintasun teknikarien egonkortasuna eta kontratazioa bultzatu eta emakumeen parte hartzerako guneak indartu –Emakumeen Txokoa, ahalduntze eskolak, jai parekideak eta abar–.

Indarkeria matxista jazotzen denetan, funtzionamendu protokoloek erabiltzen dituzten mekanismo guztiak egokiak izatea da "giltza" erakundearen aburuz, beti ere, indarkeria pairatzen duten emakumeen ahalduntzea helburu duten ikuspuntua kontuan izanik. "Ezarritako protokoloekin lagun dezaten eta berdintasunezko etorkizunera abiatzeko, udalaz gain, beharrekoa da gaian adituak diren pertsonen eta mugimendu feministen parte hartzea ere.

Azpeitiko Udalak adierazi duenez, "oso argi" du indarkeria matxistari aurre egin ahal izateko ezinbestekoa dela berdintasun politikei beharrezko giza baliabideak, baliabide teknikoak nahiz ekonomikoak eskaintzea. Horri lotuta, uste du "egunero eta eremu guztietan" ikuspegi feministarekin lan egin behar dela. "Krisiak ez du aitzakia izan behar arazo larri eta kolektibo horri aurre egiteko beharrezkoak diren aurrekontuen murrizketak edo izozteak justifikatzeko".

Erakundeak honako konpromiso hauek hartu ditu Azaroaren 25aren harira kaleratu duen adierazpenean:

  • Indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloak errebisatzea eta birbiktimizazioa saihesteko neurriak hartzea.
  • Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeekin lanean aritzen diren zerbitzuen koordinazioa indartzea eta hobetzea.
  • Indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazio eskubidearen alde guztiak (tartean, egiaren hedapena, kalte-ordainketa, akonpainamendu soziala edo ez errepikatzeko bermea) lantzeko programa iraunkorrak eta osasun egoerari egokitutakoak martxan jartzea, besteak beste, askotariko arloei zuzendutako protokoloak egitea, memoria historikoa berreskuratzea, omenaldiak, jardunaldiak, tailerrak, ikerketak, zineforumak, ikusgarritasun egitasmoak (kaleen izenak, kasu) eta abar jasoz.
  • Gune formaletan eta informaletan, eskola komunitateari zuzendutako hezkuntza eta prestakuntza prozesuak indartzea, indarkeria matxistaren aurrean mezu eta jarrera ukatzaile horiei aurre egiteko eta desaktibatzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide