Azaroaren 25a

Adineko emakumeenganako indarkeriaren aurkako aldarria kalera atera dute jubilatuek

Julene Frantzesena 2024ko aza. 25a, 14:28

Hainbat jubilatu eta pentsiodun gaurko elkarretaratzean. (Baigera)

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako eguna izanik, matxismoaren kontrako aldarria eraman dute plazara dozenaka jubilatuk gaurkoan. Adineko emakumeek indarkeria ekonomikoa pairatzen dutela salatu dute, besteren artean.

Baigera jubilatuen eta pentsiodunen elkarteko kideek elkarretaratzea egin dute gaur ere, asteleheneroko legez, baina gaurkoan aldarria aldatu dute. Hain zuzen ere, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako eguna izanik, matxismoaren kontrako aldarria eraman dute plazara dozenaka jubilatuk gaurkoan.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak kaleratutako adierazpenarekin bat egin dute. Gogorarazi dute adineko emakumeek ere jasaten dutela indarkeria, mota askotarikoa gainera. Halaber, adineko emakume hainbatek jasaten duten prekarietatea, utzikeria eta bakardadea ere indarkeria gisa hartu behar direla esan dute.

Aitzitik, nabarmendu dute indarkeria ekonomikoa ere egon badagoela: "Adineko emakume asko dira hilaren bukaerara iritsi ezin direnak, dituzten diru sarrera kaskarrak tarteko. Ez dezagun ahaztu baliabide propiorik edo miseriazko diru sarrerak izateak mendekotasun ekonomikoa sor dezakeela, eta hori da adineko emakumeen aurkako indarkeria matxistan eragin dezakeen faktoreetako bat".

Izapidetzeko onartuta dagoen Herri Ekimen Legegileak itxaropen izpi bat zabaldu diela azaldu dute. Zehazki, pentsio baxuenak dituzten emakumeei edo pentsiorik jasotzen ez dutenei eragingo die legeak. Izan ere, haien arabera, emakumeak dira pentsio baxuenak dituzten herritar gehienak, eta horientzako pentsio osagarri bat jartzeak, batez ere, emakumeei egingo lieke mesede. Egoera iraultzeko mobilizatu beharra dagoela esan dute plazan elkartutakoek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide