Ikasle Abertzaleak Azpeitiko Azoka Plazan elkartu dira goizean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, eskualdeko mobilizazioa egiteko. Eskolan etena eginda, dozenaka ikasle bildu dira han Indarkeria matxista ez ikastetxeetan ez inon lelopean.
Matxismoa "zabaltzen" ari den ideia da haien esanetan, eta ideia hori ez da "ideien munduan zokoratuta geratzen den iritzi bat"; matxismoa emakume langileek "parez pare topatzen duten errealitate gordina" da, Ikasle Abertzaleakeko ordezkarien arabera. Indarkeria matxistaren gorakada eta horren erantzuleak nahiz ondorioak "ezkutatzeko saiakerak" aurrean izan arren, mezu argi bat eman nahi izan dute erakunde horretako kideek: "Indarkeria matxistak ez du lekurik ez ikastetxeetan, ez beste inon".
Adierazi dute, halaber, ikasle langileen babesa eta ongizatea bermatzea norbere esku dagoela. "Geure ardura da inongo erasorik onartuko ez duen ikastetxea eraikitzea, antolatzea eta erantzun bateratua ematea. Aurre egin diezaiokegu indarkeria matxistari; ezinbestekoa egin behar dugu jokabide hori, heziketa guneetatik hasita".
Azaroaren 25eko aldarrikapenak kaleratzeko premia ere nabarmendu dute goizean. "Geure aldarriak kalera eraman behar ditugu, indarkeria matxistaren espresio oro eta hura sostengatzen duten ideia nahiz diskurtso matxistak borrokatzeko; erakusteko ez dugula normalizatuko egunero erasoak eta erailketak gertatzea; ikus dadin ez diogula utziko matxismoari oztoporik gabe hedatzen, eta jakin dezaten ez dugula utziko erasorik erantzunik eman gabe. Gu geu gara oldarraldi matxistari hegalak moztuko dizkiogunak, matxismoaren zabalpena etengo dutenak. Gu geu o inor ez".
Hitzaldia amaitutakoan, Azoka Plazaren kanpoaldera atera dira ikasleak, eta elkarretaratzea egin dute.