Abenduan beteko dira hamabi urte bertso plazak utzi zituenetik, baina etzi plazara irtengo da berriro, nolabait, Imanol Lazkano (Landeta, Azpeitia, 1936). Saneloiak ospatuko dituzte bihartik igandera Landetan, eta Lazkanori esker ona adieraziko diote biharko bertso afarian; Xabat Illarregi eta Iker Zubeldia ariko dira kantuan. Harro, baina urduri dago Antzibarko semea. Garai bateko saneloiak ekarri ditu gogora GUKArentzat, baina lehenik eta behin, auzoaren izenaren jatorriaz eman nahi izan ditu azalpenak:
"Gure gurasoei eta haien inguruko jende bati aditutakoagatik, izena dator duela 200 bat urte-edo bertan egiten zen ganadu feriatik. Orduan, baserriko lanetarako ez zen ez traktorerik, ez horrelako makinarik. Abereek izugarrizko garrantzia zuten, soro lanak egiteko, garraiorako... denerako. Behiak, idiak, zaldiak, astoak... abereek garrantzia izugarria zuten. Landetako auzo horretan, udazkenean egiten omen zen ganadu feria ospetsu bat. Euskal Herri osoko jendeaz gain, feria ospetsu hartara etortzen omen ziren frantsesak ere, Landetakoak. Lur eta soro izugarriak dituzte inguru hartan, eta hango tratulariek zein nekazariek ganadu piloa eramaten omen zuten hemego feriatik. Hortik ailegatu omen ziren Landeta izenera, 'landetarren feria' hor egiten zelako. Ez dakit egia den ala ez den, baina guri horrela esplikatu ziguten", kontatu du Lazkanok.
Zuri esker ona adierazteko antolatu dute bertso afaria saneloietan. Zer iruditu zaizu?
Hilaren 29an bertso afaria izango zela, eta emaztea eta biok gonbidatuta geundela esan zigun Mendizabalek [bertso afaria egingo duten jatetxeko jabea] han tokatu ginen batean. Gero, kanpotik jakin genuen omenaldia egin nahi zidatela. Ez naiz oso omenaldi zalea, horrelakoak saihesten ahalegindu izan naiz lehen ere. Bertsolariak plazan ohituta gaudela eta halakoek ez digutela eragiten uste du jende askok, baina ni oso makala naiz eta gaizki pasatzen dut. Batetik, ez dut ukatuko aitortza egin nahi izateak harro sentiarazten nauela; bestetik, ordea, eskertuta nago, bai, baina badakit ez dudala ondo pasatuko.
Saneloiak antolatzen tartean ibilitakoa zara gazte denboran. Nolakoak ziren orduko festak?
Landetako lehen galdategiaren jabeak eta langileak hasi ziren San Eloi eguna ospatzen. Galdategietakoen zaindaria da Eloi, eta egun horretan jai egin eta langileei bazkaria ematen hasi ziren galdategi hartako jabeak. Bereziartua medikuaren gurasoek izan zuten Landetako taberna bakarra, eta gero, Joxe Lizasok hartu zuen hura. Han egiten zuten bazkaria; soinujole bat edo beste eramaten zuten, eta festan jarraitzen zuten bazkalondorenean. Egun bateko festa izaten zen. Lizasok taberna hartu zuenean, San Eloi Landetako zaindaritzat hartu eta festak antolatzen hasi zen, urtero. Aroztegi, Landeta Etxeberri, Ondarre, bi Arretxe, Errekalde, Zumeta, Urbietaundi eta Urbietatxo, eta gure auzoa, Erribera. Dena baserri zen Landeta, eta baserri bakoitzean, ume pila kristorena. "Hemen zaudeten gazte jendearekin, zergatik ez duzue saneloiak antolatzeko ardura hartzen, zeuen erara eta zeuen gustura?", galdetu zigun behin Lizasok. Duela 62 bat urte izan zen hura. 27-28 urte edukiko nituen, eta neu nintzen festak antolatzeko ardura hartu zuen taldeko zaharrenetakoa. Neska eta mutil elkartu ginen, eta ilusioz eta gogotsu hartu genuen antolaketa. Garai hartan ospetsu bihurtu zen ziklo krosa antolatzen hasi ginen, herri kirolak ere bai, bertso saioa... Handik gutxira soziedadea ere martxan jarri zuten [Egi Zale, estratakoa], eta handik, danborradako taldea ere bai.
Mugimendu handiko urteak izan ziren, ezta?
Bai. Saneloiek egundoko izena hartu zuten, eta geuk ere ilusioarekin egiten genuen antolatzeko lana. Baina ez nintzen ni bakarrik, hamar-hamabost bat mutil eta beste horrenbeste neska ibiltzen ginen. Horregatik egiten zait arraroa esker onarena. Zaharrentsua neu izango nintzen, eta horregatik izango da, agian.
Festak eta Landeta, biak aldatu dira asko. Nola bizi dituzu oraingo saneloiak?
Urtero-urtero joaten naiz bertso afarira, eta jubilatuen bazkaria antolatzen hasi zirenean, hara ere bai, gehienetan. Landetakoak bertakoak izan gara bizi guztian. Lizasok taberna zuenetik, Landetari esan izan zaio bertsolarien unibertsitatea, baina ez genuen inoiz entrenamendu saiorik edo halakorik egiten han, sekula santan. Hori bai, esaterako, santomasetan Azpeitiko udaletxeko balkoitik kantatzen zuten lau bertsolariak, ondoren Landetara joaten ziren bazkaltzera. Joxek bazuen halako izena garai hartan, eta bertsolariok asko ibiltzen ginen han. Beraz, ez dakit unibertsitate hitza erabil daitekeen, baina bai azken 60 urteotan bertso mundua asko segitu izan dugula Landetan.
Bertsoak aipatu dituzula, Gipuzkoako Txapelketa ari zara jarraitzen. Zer iruditu zaizu orain artekoa? Eta azpeitiarren lana?
Nahiko saio polita egin zuen aurrekoan Matxinbentakoak [Oier Etxeberria], eta Gurruk ere [Jon Gurrutxaga] saio politak egin ditu. Igandeko saioan azkoitiarra, [Eneritz] Artetxe, oso ondo aritu zen. Maila badago, baina badago hor gazte jende bat, emakumeak batik bat, oso landua duena bertsolaritza; zortzi onenetan sartzeko maila handia eman behar da. Bertsolari batek landu eta landu beharra dauzka bere hizkera eta bere pentsakera. Buruko artxiboa karga, eta karga, eta karga joan behar da, pixka bat mozkorra izan behar da alde horretatik, ofizio horretan zerbait egitera ailegatuko baldin bada. Herrian gertatu direnak, ez dakit nongo notiziak... karga, eta karga, eta karga. Gero, bat-batean hasten zarenean, buruan duzuna bertso bihurtu behar baldin baduzu, ahal den euskararik ederrena eta ahal den arrazoi potenteena bilatzen ibili behar zara.
Eta zeuk, segitzen al duzu artxiboa kargatzen? Aritzen al zara bertsotan, lagunartean bada ere?
Lagunartean ez, baina bertsotan bai. Kantatuko nituzke, neuk neure kasa egindakoak, ehun eta berrogeita hamarretik gora bertso.
Zer dauzkazu, idatzita?
Idatzita, gehienak. Burua freskoena goizean egoten da; egunez, azkenerako, kargatu egiten da burua. Suerte asko eman dizkit bizitzak, gehiegi eta dena, eta horietako bat izan da iratzargailurik ez dudala sekula behar izan. Behin edo behin jarri izan nuen, ordu bereziren batean jaiki behar nuelako, eta orduan eta lo gutxiago egiten nuen. Ordu pare bat esna egon gabe ez naiz sekula jaiki, eta ordu horietan aurkitu izan ditut askotan bezperan trabatuta gelditutako arazoentzako irtenbideak, bai lanerako, bai bertsoetarako; mila bat bertso egingo nituen, igoal, goizeko ordu horietan. Orain ere, irratiz edozer gauza edo albiste aditu, eta tak, bertsoa etortzen zait burura. Neure buruari kantatzen diot behin eta berriz, eta gehiago hobetuko ez dudala ikusten dudanean, idatzi egiten dut.