Datorren hilean 2025erako kirol abonuak berritzen hasiko da Azpeitiko Udala

Nerea Uranga 2024ko aza. 28a, 08:45

Azpeitiko igerilekua.

Datorren urteko kirol azpiegituretako abonuak %10 igoko ditu Azpeitiko Udalak. Hobaria jasotzen dutenek agiriak eguneratu beharko dituzte, eta 18 eta 30 urte artekoek sendiko abonuan mantentzeko baldintzak egiaztatu beharko dituzte.

Urtearen bukaera iritsita, 2025. urteko kirol abonuak berritzen hasiko da Azpeitiko Udala, eta kirol azpiegituretako bazkideentzako hainbat ohar jakinarazi ditu. Besteak beste, azaldu du 2025eko kirol kuotek %10eko igoera izango dutela, joan den urriaren 8an udalbatzarrean erabakita bezala.

Azpeitiko Kirol Saileko instalazioen bazkidetzan hobaria jasotzen dutenek agiriak (lan bizitza agiria, errenta aitorpena...) eguneratu beharko dituzte, datorren urteko abonuan hobaria jaso ahal izateko. Agiri horiek abenduaren 20a baino lehen aurkeztu beharko dituzte, eta hala egiten ez dutenek ez dute hobaririk jasoko. Indarrean dauden hobarien berri jakin nahi dutenek honako loturan kontsulta ditzakete.

18 eta 30 urte bitarteko bazkideak kiroleko sendiko abonuan mantendu nahi dutenek ere, baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute, ikasle matrikula aurkeztuta. Sendiko abonuan egoteko honako baldintzak bete beharko dituzte adin tarte horretakoek: 30 urtez azpikoa izatea, urtarrilaren 1ean denak etxe berean erroldatuta egotea eta diru iturririk ez izatea. Egiaztagiriak igerilekuko harreran edo adminisigerilekua@azpeitia.eus helbide elektronikoan aurkeztu beharko dituzte.

Kirol abonamenduko 2025eko kuotan baja eman nahi dutenek, horretarako epea abenduaren 28ra artekoa izango dutela azaldu du Azpeitiko Udalak. Horretarako, baja orria aurkeztu beharko dute igerilekuko harreran. Baja eman ezean, 2025ko bazkidetza automatikoki berrituko du udalak. Kuota ordainketa bakarrean egin nahi dutenek, hala adierazi beharko dute. Gainontzean, automatikoki hilabeteko kuoten bitartez egingo du abonuaren kobraketa udalak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide