Landetako bizilagunak festan murgilduta dabiltza ostegunaz geroztik. Herenegun mus txapelketa egin zuten, eta atzo, berriz, bertso afaria. Atzoko hitzordua berezia izan zen, ordea; Imanol Lazkano bertsolariak omenaldia jaso zuen.
Mendizabal erretegian egin zuten bertso afaria 120 bat lagunek, Iker Zubeldiarekin eta Joanes Illarregirekin, eta sabela bete ostean jaso zuen aitortza Lazkanok. Txapela eman zioten hari opari, baita haren emazte Arantxa Odriozolari ere; izan ere, omenaldiaren antolatzaileek hitzetan, Imanol Lazkano ez litzateke izango gaur dena emaztearen babesik gabe.
Halaber, haiek esker ona adierazi zioten bertsolariari, bertsozaletasuna sustatzeko egindako lanagatik eta hainbeste urtean bertsotan aritu izanagatik. Gainera, hastapenetan, Lazkano Landetako festak antolatzen aritu zela ere aipatu zuten. Txalo artean jaso zuen herritarren berotasuna Lazkanok, eta bertsoz erakutsi zien hark esker ona afaritara joandakoei.
Atzoko omenaldian aitortza egitea gustatuko litzaieken baina jada beren artean ez dagoen pertsona bat ere izan zuten gogoan: Joxe Lizaso. Hain zuzen ere, omenaldiaren antolatzaileek esan zutenez, hark ere merezi zukeen aitortza egitea. Haren seme Sebastiani ere egin zioten aipamena, hura ere omentzekoak zirelako baina bertso saio bat tarteko ezin izan zuelako Landetara joan.