San Eloi eguna bihar izango bada ere, ostegunetik festa usainean dabiltza Landetan. Mus txapelketarekin hasi zituzten festak, atzo iluntzeko bertso afarian Imanol Lazkano omendu zuten, eta gaur, goizean goizetik jai giroan dabiltza auzotarrak eta hara bertaratutakoak. Eguerdia bitarte, idien eta zaldien erakusketa izan da, eta jan-edanerako gogoz joan direnek, txotxeko sagardoa eta pintxoak izan dituzte aukeran Aburuza sagardotegiaren eskutik. Ondoren, bazkaria egin dute Lau Bide jatetxean, eta arratsaldean, sokamuturrean ibili dira batzuk, eta hari begira egon dira beste asko.
Iluntzearekin, festak ez du etenik izango gainera, Landeta jatetxean txerriboda egingo baitute. Ondoren, kontzertu bana emango dute ZZ Punk eta Ripers taldeek, eta haien ostean, erromeria izango da.
Hona hemen gaurko eta biharko egitaraua:
Gaur:
- 21:00. Txerriboda, Landeta jatetxean.
- 22:00. ZZ Punk eta Ripers taldeen kontzertuak
- Ondoren, erromeria.
Bihar, San Eloi eguna:
- 12:00. Umeentzako poniak, Lopene ganadutegiaren eskutik.
- 13:00. Herri kirolak. Aizkolariak: Julen Alberdi Txikia IV.a, Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga. Harri jasotzaileak: Olaia Esnaola, Udane Ostolaza eta Xabier Aranburu Guzta. Festetako karretillaren zozketa egingo dute ekitaldian zehar.
- 14:30. Auzo bazkaria, Landeta jatetxean.