Espainiako zinema informatzaileen elkarteak banatzen dituen Feroz sarien aurtengo ediziorako izendatuen artean da Nagore Aranburu aktore azpeitiarra. Movistar+ plataformako Querer telesaileko protagonista da Aranburu, eta hain zuzen, telesail horretan egindako lana tarteko, telesailetako emakume aktore protagonista onenaren sarirako hautagaietako bat da.
Harekin batera, saria eskuratzeko lehian dira Monica Lopez (Rapa), Carmen Machi (Celeste), Candela Peña (El caso Asunta) eta Iria del Rio (Los años nuevos). Sari banaketa ekitaldia urtarrilaren 25ean egingo dute Pontevedran. Ekitaldi horretan, beste hainbat sari ere banatuko dituzte, bai filmei lotutakoak, bai telesailei loturikoak.
Nagore Aranburu aktore nagusia den Querer telesailak jaso ditu sarietarako izendapen gehien. Izan ere, telesail hori edo telesail horretako aktoreak nahiz zuzendaria hainbat sari jasotzeko hautagaiak dira. Besteren artean, Alauda Ruiz de Azua zuzendariak gidoilari onenaren sarirako izendapena jaso du eta 2024ko telesail onenaren sarirako hautagaia ere bada Querer. Gainera, Aranbururen gisan, gizonezko aktore protagonista onenaren sarirako hautagaia da Pedro Casablanc.
Horrez gain, Forque sarietan ere emakume protagonista onenaren sarirako izendatu dute azpeitiarra, Candela Peñarenkin, Carmen Machirekin eta Iria del Riorekin batera. Abenduaren 14an banatuko dituzte sari horiek, Madrilen egingo duten ekitaldian
Ez da Querer telesailean egindako lanagatik Aranburu sari baterako hautagai izendatu duten lehen aldia. Izan ere, InStyle Sarietan ere izan zen azpeitiarra aktore protagonista onenaren saria jasotzeko hautagaia.