Azaroaren 25a igaro berritan iritsi da albistea. Ertzaintzak 53 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo, Pasaian (Gipuzkoa) haren bikotekide ohia suzko arma batekin hiltzea egotzita. Euskal Herrian aurten izan den zazpigarren hilketa matxista da, eta hori salatzeko elkarretaratzea deitu du Itaiak gaur eguerdirako. Plazan jarri dute hitzordua, 13:00etan. Indarkeria matxista orori aurre egin lelopean elkartuko dira gertatutakoa salatzeko.
Hilketa 16:00etan gertatu zen, Pasai Antxoko Eskalantegi kaleko etxebizitza batean. Gizonak ihes egin zuen auto batean, baina Villabonako (Gipuzkoa) Udaltzaingoaren bulegoan aurkeztu zen gero, bikotekide ohia hil zuela aitortzera. Bertan atxilotu zuten. Ertzaintza zer gertatu den ikertzen ari da.