Haurrentzako ekintzekin hasi dute Hator Hator Horror Festen laugarren edizioa

Nerea Uranga 2024ko abe. 7a, 16:20

Gaur eta bihar izango dira beldurrezko eta fantasiazko film laburren jaialdiarekin lotutako ekitaldiak Ospel Films ekoiztetxeak, Kulturaz kooperatibak eta Azpeitiko Udalak antolatuta. Eguerdian, magia ikuskizuna nahiz ilustrazio eta makillaje tailerrak izan dira haur eta nerabeentzat.

Hator Hator Horror Fest beldurrezko eta fantasiazko film laburren jaialdiaren laugarren edizioko ekintzak hasi dira gaur Ospel Films ekoiztetxeak, Kulturaz kooperatibak eta Azpeitiko Udalak antolatuta. Eguerdian, Gazteen Hator Festen haurrei eta nerabeei zuzendutako ekintzak egin dituzte.

12:00etan, Iagomagoren magia ikuskizuna izan da Olazko Andre Mariaren plazan, eta segidan, ilustrazio tailerra hasi dute Sanagustin kulturgunean. Haur txikienek marrazkiak margotu dituzte, eta helduxeagoek, ilustratzaile batek gidatuta marrazkiak egiten jardun dute. Gainera, heldu bat edo beste ere animatu da nerabeekin batera marrazkiak egitera.

Behin, marrazketa tailerra bukatutakoan, makillaje tailerra egin dute haurrentzat Sanagustin bertan, eta dozena bat haur animatu da aurpegia margotzera.

Gaur, arratsaldean, berriz metal musika kontzertuak izango dira Sanagustin kulturgunean. Iragarritako talde batek ez du joko, osasun kontuak tarteko, eta ordubete beranduago 19:30ean, hasiko dira kontzertuak. Beraz, Elbereth, Sijjin eta Toxikull taldeen kontzertuak entzun ahal izango dira Sanagustinen. Sarrera doan da.

Bihar, igandea, berriz, Hator Hator Fest film laburren emanaldia izango da, 17:00etan, Soreasu antzokian.

Hator Hator Horror Festen egitaraua:

Gaur, abenduak 7.

  • 19:30. Elbereth, Sijjin eta Toxikull metal musika taldeen kontzertua, Sanagustin kulturgunean. Sarrera doan da.

Bihar, igandea.

  • 17:00. Hator Hator Horror Fest film laburren emanaldia. Gizaki film laburraren aurkezpena eta jaialdian saritutako film laburren emanaldia, Soreasu antzokian. Sarrera doan da. Animaziozko eta fikziozko film labur onenak sarituko dituzte.

 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide