Bosteko hau osatzea "lan zaila" izan dela aitortu du Aitor Gorrotxategik, luzeagoa delako "oso gogoko" dituen euskal kanten zerrenda. "Hurrengo bostek zerbait esaten didate. Ondorioz, berauekin geratzen naiz", azaldu du.
- Aita gurea (Aita Madina)
"Abesti hau entzuten dudan bakoitzean zirrara sortzen dit. Ezkondu nintzen egunean abestu zidaten, Azpeitiko Bandak jota eta Julian Barrenetxea abesbatzak abesturik, bakarlari lanetan Mariatxen aretxabaletarra zela. Hitz batean definitu beharko banu, zirraragarria".
- 104 ilargi bete (M-n ezten)
"Abesti hau entzun nuen lehen egunetik gustatzen zait. Jatorrizko bertsioarekin geratzen naiz, nahiz eta gerora Xabi Solanok eginiko moldaketa ere gustuko dudan (behean duzue entzungai). Letra, musika, armonia.. dena du polita, nire ustez".
- Haurtxoa seaskan (The Kelly Family)
"Anai-arreba askoko familia batekoa naiz eta abeslari familia honek beti eman dit atentzioa. Egunero entzuten dut zein zaila den euskara, eta beste hainbat aitzakia ere bai, gure ama hizkuntza ez hitz egiteko; eta gero, talde bat entzuten dut euskaraz ez dakiena, gure ama hizkuntzan abesten eta, gainera, ondo. Txalo bat beraientzat!".
- Elektrizitatea 25 (Zea Mays + emakume gonbidatuak)
"Abesti bikaina, zentzu guztietan. Letra ederra, erritmo ezin hobea, musika zer esanik ez, eta gainera, taldeari laguntzen dioten emakume horiekin guztiekin. Bikaina".
- Irulegiko esku (Bulego)
"Badakit gure hizkuntza aldarrikatzen duten abesti asko eta oso onak daudela: Euskal Herrian euskaraz, Guk euskaraz, zuk zergatik ez?... Bat aukeratzea zaila egiten zait, baina Bulegoren honekin geldituko naiz, abestia sortzeko istorioagatik eta esaldi eder horrengatik: 'Bizirik egon bedi'!".