Aitor Expositok egingo du datorren urteko umeen danborradarako karroza. Laugarrenez diseinatuko du karroza azpeitiarrak, oraingoan Azpeitiko antzinako lanbideak gai hartuta. Horrenbestez, urtarrilaren 20an eta martxoaren 2an –egun horretan izango da 2025eko Jai Karnabala– Expositok egindako karroza aterako dute kalez kale.
Aurten ere karrozaren proiektua aukeratzeko lehiaketa antolatu du Azpeitiko Udalak, eta herritarrek lau lan aurkeztu dituzte. Festa Batzordeak aztertu ditu proiektu horiek guztiak, eta Expositorena aukeratu dute; haren lanak lortu du puntuaziorik altuena. Batzordeko zinegotziek azaldu dutenez, azpeitiarrak "modu egokian, profesionalean eta eguneratua" aurkeztu du karrozarako gaia proiektuan.
Halaber, lehiaketara proiektuak aurkeztu dituzten gainerako sortzaileei eskerrak eman dizkie erakundeak. Haiek egindako lanari balioa eman die udalak, eta egindako ahalegina aitortu ere bai.