Hamaika ekintza antolatu dituzte herrian Gabonetarako

Iraia Oteiza 2024ko abe. 12a, 13:50

Gabonetako egitaraua prestatu duten eragileetako ordezkariak. (Azpeitiko Udala)

"Gustu guztiak asetzeko moduko egitaraua" prestatu dute Azpeitiko udalak eta herriko eragileek Gabonen bueltarako. Mari Domingiren eta Olentzeroren etorreraz nahiz Errege Magoen desfileaz gain, beste hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek abenduaren 22tik urtarrilaren 7ra bitartean. Aurtengo berrikuntza nagusia izotz pista izango da.

Gabonak ate joka dira, eta Azpeitiko Udalak eta herriko eragileek egitarau oparoa prestatu dute abenduaren 22tik urtarrilaren 7ra bitarterako. Udalak jakinarazi duenez, "gustu guztiak asetzeko moduko egitaraua" prestatu dute, herritar guztiek izan dezaten zer egina eta zertaz gozatua. Besteak beste, kirol jarduerak, eskulanak, familian egiteko ekintzak edota Gabon parkea antolatu dituzte datozen asteetarako.

Aurtengo berrikuntza nagusia izotz pista izango da. Abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra egongo da irekita, Frontoi Txikiaren ondoan, Bertan merkatarien elkarteak sustatuta. Goizetan, 11:30etik 13:30era egongo da zabalik, eta arratsaldetan, 16:00etatik 20:00etara. Hogei minutuko txandak 3 euroko prezioa izango du, eta patinak ere prezioan sartuko dira –behar bereziak dituztenentzako ere egongo dira–. 10x16 metroko azalera izango du izotz pistak, eta herritar guztiek izango dute patinatzeko aukera. 

Mari Domingiren eta Olentzeroren etorrera, ohi bezala, abenduaren 24an izango da. Horiek 12:30ean aterako dira San Martin egoitzatik, tuntturroek, txistulariek, musika eskolako soinujoleek, Itsasiko dantzariek eta hiru ikastetxeetako haurrek lagunduta. Gurdian eserita joango dira Olentzero eta Mari Domingi, albo banatan ikazkinak, kandeladun argitxo gaztetxoak eta opariz betetako bi asto dituztela. Ohiko bidea egin ostean, plazan amaituko dute kalejira, 13:00etan.

Urtarrilaren 5ean, berriz, Errege Magoak 16:30 aldera iritsiko dira Lasaora. Ondoren, 17:15 aldera joango dira parrokiara, eta haurrei aurreneko agurra egin ostean, 19:00etan abiatuko dute desfilea igerilekutik. Urtero bezala, Errege Magoek herriko gaztetxoak izango dituzte lagun haien ibilbide osoan zehar. 20:00ak aldera iritsiko dira plazara, eta udaletxeko balkoira igoko dira. Bezperan, urtarrilaren 4ean, erregeen pajeak udaletxe azpian egongo dira, 17:30etik aurrera, haurren eskutitzak jasotzeko.

Hona hemen Gabonetako egitaraua osorik:

  • Abenduaren 3tik urtarrilaren 5era: Trukegunea jarriko dute Ekoetxean, eta jostailuak, liburuak eta bestelakoak trukatzeko aukera egongo da. 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara.
  • Abenduaren 22tik urtarrilaren 6ra: Terminus familiak ihes jolasa eta jolas autogidatua egingo dituzte Ekoetxean. 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara.
  • Abenduak 22, igandea: Lagunak erreskatera filma eskainiko dute Soreasu antzokian, adin guztientzat. 16:30etan hasiko da emanaldia, eta sarrerak 4,5€ balioko du. 
  • Abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra: Izotz pista Done Jakue kalean, Frontoi Txikiaren ondoan. Adin guztiei zuzendutako jarduera izango da, eta sarrerak 3€ balioko du. 11:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. 
  • Abenduak 23, 26 eta 27: Gazteria ekintzak, 5 urtetik 18 urtera arteko haur eta gaztetxoentzat.  
  • Abenduaren 25etik urtarrilaren 7ra: Jaiotza Sebastian Donearen parrokian. Astelehenetik larunbatera 17:30etatik 20:00etara, eta igande zein jaiegunetan 11:00etatik 12:15era, 13:15etik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara. 
  • Abenduak 26, 27 eta 28: Gabon parkea, 10 urte bitarteko haurrentzat. 16:00etatik 20:00etara zabalduko dute, Izarraitz pilotalekuan. Sarrera: 2 euro.
  • Abenduak 28, larunbata: Gabon Azoka. 10:00etatik 20:00etara, Done Jakue kalean. Azokaren barruan Gabonetako apaingarrien tailerra egingo dute, 11:30etik 12:30era, Frontoi Txikiaren alboan. 
  • Abenduak 29, igandea: Dragoi Jagolea filma eskainiko dute Soreasu antzokian, adin guztientzat. 16:30etan hasiko da emanaldia, eta sarrerak 4,5€ balioko du.
  • Abenduaren 25etik 30era eta urtarrilaren 2tik 5era: Familien txokoa, 8 urte bitarteko haurrentzat. Sarrera doakoa izango da, eta kiroldegian elkartuko dira. 11:00etatik 12:30era eta 17:00etatik 19:30era.
  • Urtarrilak 2, osteguna: Kirolaz Blai eguna, LH5, LH6, DBH1 eta DBH2ko ikasleentzat. 10:00etatik 13:00etara, hainbat kirol egiteko aukera izango dute, kiroldegian.
  • Urtarrilak 4, larunbata: Puzzle kaxa jolasa, adin guztiei zuzenduta. 16:30etik 19:30era, Azoka Plazan.

Mari Domingi eta Olentzero eta Errege Magoen desfilea

  • Abenduak 24, asteartea: Mari Domingiri eta Olentzerori harrera. Kalejira egingo dute, 12:30etik aurrera, San Martin egoitzatik hasita. Tuntturroek, txistulariek, musika eskolako soinujoleek, Itsasiko dantzariek eta hiru ikastetxeetako haurrek parte hartuko dute. Gurdian eserita joango dira Olentzero eta Mari Domingi, eta haien alboetan argitxo gaztetxoak kandelekin, ikazkinak eta bi asto opariz bete-beteta. Honako ibilbide hau egingo dute: Artzubia Etorbidea, Goiko Kalea, Plaza Nagusia, Enparan Kalea, Perez Arregi Plaza, Erdikale eta Plaza Nagusia. Kalejiraren ostean, plazan elkartuko dira denak, 13:00etan.
  • Urtarrilak 4, larunbata: Erregeen pajeak udaletxe azpian egongo dira, 17:30etik aurrera, haurren eskutitzak jasotzeko.
  • Urtarrilak 5, igandea: Ibilbide luze bat egin ostean, Errege Magoak Lasaora iritsiko dira, 16:30 aldera. Hango umeak agurtu, eta txu-txu trena hartuko dute, eta 17:30 aldera iritsiko dira parrokiara. Haurrei lehen agurra egin ostean, 19:00etan abiatuko dute desfilea igerilekutik. Urtero bezala, beren ibilbide guztian zehar, herriko gaztetxoak izango dituzte lagun. 20:00ak aldera iritsiko dira plazara, eta udaletxeko balkoira igoko dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide