Altuna y Uriak egingo ditu, OHLArekin, Zaragozako La Romareda futbol zelaia berritzeko lanak

Mailo Oiarzabal 2024ko abe. 14a, 09:32

Itxura hau izango du La Romareda berriak kanpotik, Idom-en proiektuaren arabera. (Idom)

Eraikin zaharra bota eta berria eraikiko dute lanen bigarren fasean; lan horiek 2027an bukatzea aurreikusi dute. 124,5 euroko proiektua aurkeztu du bi enpresek osatutako ABEEak. 2030eko Munduko Futbol Txapelketaren partidak hartuko ditu estadio berriak.

Azpeitiko Altuna y Uriak eta OHLAk (lehen OHL) egingo dute Zaragozako (Espainia) La Romareda futbol zelai berria eraikitzeko lanen bigarren eta azken fasea. Bi eraikuntza enpresek osatutako ABEEak (Aldi Baterako Enpresa Elkartea) 124,5 euroko proiektua aurkeztu zuten Nueva Romareda SL sozietateak deitutako lehiaketa publikora. Zaragozako Udalak, Aragoiko Gobernuak eta Real Zaragozak osatzen dute sozietate hori, eta atzo jakinarazi zuen estadio berria eraikitzeko lanen fase nagusia zeini esleitu dioten.

Zaragozako El Heraldo egunkariaren arabera, hiru proposamen aurkeztu ziren lehiaketara, eta Altuna y Uriarena eta OHLArena izan da merkeena; Constructora San Josék eta Copasak osatutako ABEEak 129 milioi euroko eskaintza jarri zuen mahai gainean, eta 135 milioikoa FCCk. Nueva Romareda SL-k 138,5 milioiko aurrekontuarekin egin zuen lanen lizitazioa.

Bilboko Idom ingeniaritza eta arkitektura enpresak diseinatu du Zaragozako futbol zelai berria. Hegoaldeko atearen atzealdea eraikitzeko lanak, eta gainerako futbol zelai zaharra eraistea eta berria eraikitzea dira Altuna y Uriak eta OHLAk La Romaredan egin beharko dituzten lanak. Futbol zelai berria 2027ko abuzturako bukatzea aurreikusi dute proiektuaren arduradunek. 2030eko Munduko Futbol Txapelketaren partidak hartuko ditu estadio berriak.

Donostiako Anota estadioa berritzeko lanetan ere parte hartu zuen Altuna y Uriak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide