Aritz Aranbarri Ziklix-en bi argazki hautatu dituzte World Sports Photography Awards 2025 sariketaren finalista izateko. Kirol argazkilaritzako mundu mailako sariketa handienetakoa da World Sports Photography Awards; seigarren aldia du honakoa, eta 2024an hainbat kirol txapelketa eta ekitalditan egindako milaka argazki aurkeztu dira sariketara.
24 ataletan banatzen ditu sariak World Sports Photography Awards-ek, eta atal bakoitzeko saria lortzeko 35 argazki hautatzen dituzte finalerako. Horrela, txirrindularitza ataleko 35 finalisten artean daude argazkilari azpeitiarraren bi lanak. Aurtengo gizonen Espainiako Vueltan ateratako argazkiak dira biak: Covadongako lakuetako etapakoa da albiste honen sarrerakoa, eta Primoz Roglic da bertan behe lainoa atzean duela ageri den txirrindularia; behean ikus daitekeen argazkiaan, berriz, pelotoia agertzen da, goitik hartuta, Portillo de Lunada portuan gora, Vueltaren azkenaurreko etapan.
Gustura dago, nola ez, Aranbarri. Mundu osoko 2.200 argazkilarik aurkeztu dituzte aurten beren lanak World Sports Photography Awards-etara. Argazkilari bakoitzak gehienez hamar argazki aurkez ditzake lehiaketara –hamar aurkeztu zituen azpeitiarrak ere–, eta aipatutako 24 atalak batuta, denera 840 dira argazki finalistak. "Lehiaketa batera aurkezten zarenean, ez duzu jakiten zer irizpideren arabera hartzen dituzten erabakiak. Aurkezten zarenean ez duzu horretan pentsatzen. Mezua jasotakoan, hori bai, ezustekoa izaten da", dio Aranbarrik.
Sariketaren webgunean ikus daitezke 2025eko 840 finalistak: argazki guztiak, sail bakoitzeko 35, baina egileen izenik gabe. Hala ere, Aranbarrik ezagutzen ditu txirrindularitza ataleko finalean lehiakide izango dituenetako batzuen izenak: "Argazkilari ezagunak dira. Adibidez, Ashlie Gruber, James Startt, Gaetan Flamme edo Dario Belingheri". Argazkilari profesionalek zein amateurrek dute World Sports Photography Awards-etara aurkezteko aukera. Aranbarriren esanetan, World Sports Photography Awards da, Aips Awards-ekin batera, kirol argazkilaritzako munduko sariketa handiena. Aips Awards-etan profesionalek soilik dute lehiatzeko aukera eta sariketa horretara ere aurkeztu ditu Aranbarrik hiru argazki, baina oraindik ez dute eman horko finalisten berri.
"Horrelako sariketak ondo etortzen dira norberaren lana ezagutzera emateko, beti dator ondo horrelakoetan sartuta ibiltzea, eta ederra da norberaren lana aitortzen dutela ikustea", dio Aranbarrik. Urtarrilean jakinaraziko dituzte World Sports Photography Awards 2025 sariketaren irabazleen izenak.