Sareren 'Behin betiko' dinamikarekin bat egin dute hainbat herritar eta eragilek

Nerea Uranga 2024ko abe. 23a, 16:46

Behin betiko dinamikaren barruan, bihar elkarretaratzera deitu dute, 18:30ean Azpeitiko plazan. Abenduaren 29an, igandean, berriz, giltza-katea egingo dute Perez Arregi plazatik herriko plazara artean, 18:30ean hasita. LAB sindikatuak, EH Bilduk, pentsionistek, San Tomas eguneko txosnako boluntarioek eta Ernaiko gazteek bi deialdietan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Sarek Behin betiko izeneko dinamika du abian, euskal presoen egoerarentzako konponbidea aldarrikatzeko helburuz. Azpeitiko Sarek ere bat egin du horrekin, eta Gabonetarako bi deialdi prestatu ditu; bata abenduaren 24rako eta bestea abenduaren 29rako, biak 18:30ean hasita. Deialdi horiekin bat egin dute hainbat talde edota eragilek, hala nola LAB sindikatuak, EH Bilduk, pentsionistek, San Tomas txosnako boluntarioek eta Ernaiko hainbat kidek.

Azpeitiko Sarek antolatutako Gabonetako lehen hitzordua bihar, abenduak 24, da, 18:30ean, herriko plazan. Behin betiko. Gotzon gurekin lelo hartuta elkarretaratzea egingo dute.

Bigarren hitzordua, berriz, abenduaren 29an, igandean, izango da. Hain zuzen ere, giltza-katea egingo dute Perez Arregi plazatik herriko plazara, 18:30ean hasita.

Era berean, urtarrilaren 11n Bilbon Sarek deituta egingo den manifestazio nazionalera joateko deia ere egin dute; 17:00etarako jarri dute hitzordua, La Casillan. Hara joateko autobusak antolatuko dituzte Azpeitian ere –aurrerago emango dute horri buruzko informazioa–.

Azpeitiko Udalak bat

Azpeitiko Udalak ere bandoa atera du, eta herritarrak Sarek deitutako ekitaldietan parte hartzera deitu ditu. Hala dio udalak kaleratutako oharrak: "Urtearen amaierarekin batera iritsi zaizkigu Gabonak, egun bereziak, lagun eta familia giroan urtean pasatutakoak gogoratu eta jai giroan ospatzeko erabiltzen ditugunak Gabonetan badira hala ere momentu tristeak, ondoan falta ditugunak gogoratzeko momentuak ere badira eta, biolentzia ezberdinen eraginez gure ondotik joanak, edo espetxean lau hormen artean edo erbestean daudenez gogoratzeko egunak. Eragile sozial eta politikoen, sindikatuen, alderdien eta gizartearen ardura
da oro har, etorkizunera begira jarri eta salbuespenekin amaitzea, sufrimenduarekin amaitzea, gatazkaren konponbideari aterabide integral bat eskaintzeko lanean aritzea. Horregatik, Azpeitiko Udalak Sarek antolatutako ekimenetan parte hartzera dei egiten du".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide