Pedro Illarramendi zendu da, Azpeitiko danborradaren sortzaileetako bat

Nerea Uranga 2024ko abe. 25a, 11:25

Pello Illarramendi danborradako Alkartasuna taldea zuzentzen.

Illarramendik, besteak beste, Azpeitiko danborrada sortu zuen, danborradan 50 urtez atera zen zuzendari, Oargiko kidea izan zen, Julian Barrenetxea abesbatzaren sortzailea eta Azpeitiko Parrokiako koruaren zuzendaria.

Gaur goizaldean hil da Pedro Illarramendi (Azpeitia, 1938), 86 urterekin. Azpeitiko danborradaren sortzaileetako bat izan zen Illarramendi, eta urte askoan parte hartu zuen bertan. 1959ko helduen lehen danborradan, Oargi taldearen zuzendari atera zen, eta ordutik 50 urtez irten zuen zuzendari; aurreneko urteetan Oargi eta Landeta taldeekin, eta gero, 1967tik 2010era bitartean Alkartasuna taldea zuzentzen irten zuen: "2009an, 50 urte zuzentzen aritu ostean, utzi egin nuen. Orduan zuzendari ona aukeratu genuen, Karlos Iriarte, hain zuzen. Ordutik danborra jotzen atera izan naiz taldearekin", kontatu zion Illarramendik 2016an Uztarriari.

Pedro Illarramendi 1967ko Azpeitiko danborradan.

2010eko San Sebastian bezperan, Azpeitiko Udaleko Festa Batzordearen omenaldia jaso zuen Illarramendik, 50 urtean zuzendari ibili delako. Oroigarria udaletxeko balkoian jaso zuen, danborradako talde guztiak plazan zirela.

Abesbatzen zuzendaria

Danborradako taldeez gainera, Azpeitiko bi abesbatza zuzentzen jardun zuen Illarramendik. Batetik, Julian Barrenetxea abesbatzaren sorreran  parte hartu zuen. 1986. urtean jaio zen abesbatza. Garai hartan, mistoa zen korua eta 44 lagunek osatzen zuten. Aurreneko urteetan, hamabost bat urtez, Illarramendi eta Jose Luis Frantsesena izan ziren abesbatzaren zuzendariak. Bestetik, Azpeitiko Parrokiako koruaren zuzendari ere ibili zen hainbat urtez.

Pedro Illarramendi abesbatzak zuzentzen, Loiolako basilikan, 2004an.

Illarramendiren aldeko hileta elizkizuna bihar, osteguna, izango da, 19:00etan, Azpeitiko parrokian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide