Giltza eskuz esku pasatu dute "euskal presoen egoerarentzako konponbidea" aldarrikatzeko

Nerea Uranga 2024ko abe. 29a, 19:28

Sareren Behin betiko dinamikaren barruan egin dute arratsaldean aldarria, Perez Arregi plazatik herriko plazara arte giltza katea osatuta.

"Euskal presoen egoerarentzako konponbidea" aldarrikatzeko helburuarekin Behin betiko dinamika jarri zuen abian Sarek, eta Azpeitiko Sarek ere bat egin du. Hala, Gabon egunean elkarretaratzea egin zuten plazan, eta gaur arratsaldean, berriz, giltza katea osatu dute hainbat herritarrek Perez Arregi plazatik herriko plazara artean, eta behin giltza plazara iritsi denean, trikitilarien atzetik plazaratu dira aldarrikapenean parte hartu dutenak.

Ekitaldia plazan bukatu dute, eta bertan, Azpeitiko Sarek indarkeria eta sufrimendu urteek utzitako ondorio guztientzako konponbidea erdietsi arte lanean segituko duela esan du: "Euskal preso, exiliatu eta deportatuen gaiari behin betiko irtenbide justua ematea premiazkoa da, baita indarkeriaren biktima guztiei tratamendu justua ematea ere".

Halaber, urtarrilaren 11n Bilbon Sarek deituta egingo den manifestazio nazionalera joateko deia ere egin dute; 17:00etarako jarri dute hitzordua, La Casillan. Hara joateko autobusak antolatuko dituzte Azpeitian ere –aurrerago emango dute horri buruzko informazioa–.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide