Azpeitiko Feministen Sariek irmoki gaitzetsi ditu azken astean herrian izandako bi eraso matxistak

Aitziber Arzallus 2025ko urt. 3a, 09:50

Emakumeenganako indarkeria salatzeko eta horri aurre egiteko antolatzen jarraitzeko asmoa berretsi du Azpeitiko Feministen Sariek, eta gizarteari eta bereziki gizonei ardurak hartzea exijitu diete: "Ez bazarete konponbidea, arazoa zarete".

Abenduaren 27an gizon bat atxilotu zuten Azpeitian bikotekideari tratu txarrak ematea eta droga trafikoa leporatuta, eta handik lau egunera, abenduaren 31n, beste bat, genero indarkeria egotzita. Erasoak jasan dituzten emakumeei babes osoa helarazteaz gainera, gertakariak irmoki gaitzetsi ditu Azpeitiko Feministen Sarie taldeak, eta adierazi du "minduta, nazkatuta eta amorratuta" daudela.

"Zoriontasuna eta armonia performatzera derrigortuta gauden garaiotan, Gabonetan, errealitateak beste kolpe bat eman digu. Izan ere, sistema heteropatriarkalak eta indarkeria matxistak ez dute etenik, eta egunero jasaten ditugu horien ondorioak". Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak nahi dituztela esan dute, eta ez dutela inolako erasorik onartuko. Gogora ekarri dute, eraso gehienak hurbilekoek eta ezagunek egindakoak izaten direla, "Azpeitiko azken kasu hauetan azaleratu bezala".

Era berean, azpimarratu dute kasuok ez direla gertaera isolatuak. "Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo bat da, eta egunerokoan zanpatzen gaitu. Indarkeria matxistak, gainera, ertz asko ditu, eta askotarikoak dira adierazpideak: sexu erasoak, komentario eta jarrera misoginoak, zaintzen banaketa desorekatua, lan banaketa sexuala, soldata arrakala eta abar".

Horiek horrela, emakumeenganako indarkeria salatzeko eta horri aurre egiteko antolatzen jarraitzeko asmoa berretsi du Azpeitiko Feministen Sariek: "Saretzen eta feminismotik eragiten; baita indarkeria eragiten eta hura eusten duten gizon, instituzio eta, orokorrean, sistema heteropatriarkal kapitalista eta koloniala salatzen eta interpelatzen ere". Indarkeria matxistari aurre egitea guztien ardura dela eta, gizarteari ardurak hartzea exijitu diote. "Bereziki, gizonei. Ez bazarete konponbidea, arazoa zarete".

Bukatzeko, indarkeria matxistaren aurka autodefentsa feminista aldarrikatu dute, eta adierazi "indarkeriarik gabeko gorputz eta lurraldeen alde" borrokan segituko dutela. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide