Pajeen bisita eta puzzle kaxan ibiltzeko aukera, gaur arratsalderako

Aitziber Arzallus 2025ko urt. 4a, 09:00

Ume bat Erregeentzako gutuna eskuetan duela. (Guka)

16:30etik 19:30era puzzle kaxan ibiltzeko aukera izango da Azoka Plazan; 17:30etik aurrera, berriz, Erregeen pajeak udaletxeko arkupeetan egongo dira umeen eskutitzak jasotzeko prest. 

Etxeko txikienak Errege Magoen zain jarrita daude dagoeneko, baina haiek iritsi arteko egonaldia arintzeko, gaur ere izango dute zertan entreteniturik. Batetik, 16:30etik 19:30era bitartean, puzzle kaxa izeneko jardueran parte hartzeko aukera izango dute Azokan Plazan, eta umeek ez ezik, baita helduek ere, adin guztietako herritarrentzat moduko ekintza baita. Teknologia, hezkuntza eta entretenimendua uztartzen dituen esperientzia da puzzle kaxa, eta 3D puzzleen bilduma zabalarekin aritzeko aukera ematen du. Doako jarduera izango da

Bestetik, 17:30etik aurrera eta pare bat orduz, Errege Magoen pajeak udaletxe azpian egongo dira haurren eskutitzak jasotzeko prest. 

Errege Magoak, bihar

Errege Magoak, berriz, bihar etorriko dira herrira. Lehenik eta behin, Lasaora joango dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Hango umeak agurtu ondoren, txu-txu trena hartuko dute, eta 17:15 aldera iritsiko dira parrokiara. Haurrei lehen agurra egingo diete han, eta atseden labur bat hartu ostean, 19:00etan igerilekutik abiatuta egingo dute kabalkada. Urteroko ibilbidea egingo dute, eta kalez kaleko ibilera horretan, herriko gaztetxoak izango dituzte lagun. 20:00ak aldera iritsiko dira plazara, eta udaletxeko balkoira igoko dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide