Barakaldoko hilketa matxista salatzeko elkarretaratze bana deitu dute Itaiak eta Azpeitiko Feministan Sariek

Aitziber Arzallus 2025ko urt. 4a, 15:14

Azpeitiko Feministen Sariek deituta azaroaren 25ean egin zuten elkarretaratzea. (Maialen Etxaniz)

Itaiak gaur 19:00etan plazara azaltzeko deia egin du, Indarkeria matxistari aurre egiteko antolatu gaitezen lelopean elkarretaratzea egiteko. Azpeitiko Feministen Sariek, berriz, bihar 13:00ean jarri du hitzordua plazan. Barakaldoko hilketa eta Azpeitian azken egunetan izandako bi eraso matxistak gaitzetsiko dituzte, Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean.

Atzo Barakaldon izandako hilketa matxistaren aurrean, elkarretaratze bana deitu dute Itaiak eta Azpeitiko Feministen Sariek. Bata, Itaiak antolatutakoa, gaur 19.00etan izango da herriko plazan, Indarkeria matxistari aurre egiteko antolatu gaitezen lelopean. Bestea, Azpeitiko Feministen Sariek deitutakoa, bihar 13:00etan izango da, plazan hori ere, Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean. Barakaldoko hilketa ez ezik, azken egunotan herrian izan diren bi eraso matxistak gaitzesteko ere baliatuko dute bihar eguerdiko mobilizazioa. 

Atzo arratsaldean 84 urteko emakume bat hil zuten Barakaldo erdigunean dagoen Arrandi kalean. 16:30ak aldera abisu bat igorri zioten bizilagunek Ertzaintzari, etxebizitza batean emakume bat hilda egon zitekeela esanez, oihuak eta eztabaidak entzuten zirelako. Poliziek, bertaratu zirenean, emakumea hilda zegoela ikusi zuten, eta gorpuak indarkeria zantzuak zituela. Haren semea etxean zen eta atxilo hartu zuten; 60 urte inguru ditu gizonak.

Gaur jakin denez, emakumeak semearen kontra salaketarik ez zuen inoiz jarri; bai, ordea, senarraren kontra. Uneotan semeak atxilotuta jarraitzen du, epailearengana eramateko zain, eta hipotesi nagusia amaren hiltzailea semea dela izan arren, ikerketak zabalik jarraitzen du oraindik ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide