Gutunak pajeei emanda, Erregeen zain gelditu dira umeak

Aitziber Arzallus 2025ko urt. 4a, 20:28

Bi orduz udaletxeko arkupeetan egon dira dira Meltxorren, Gasparren eta Baltasarren hiru laguntzaileak, eta dozenaka izan dira dira haiekin hitz egitera, argazkiak ateratzera eta, nola ez, haiei desioz betetako gutunak ematera bertaratu diren umeak. 

Agindutako ordurako (17:30) iritsi dira plazara Errege Magoen pajeak, eta udaletxeko arkupeetan dotore jarrita zituzten eserlekuetan igaro dituzte ondorengo pare bat orduak, haiekin egon nahi zuten herriko haur guztiak besoak zabalik hartuz. Meltxorrentzat, Gasparrentzat eta Baltasarrentzat dozenaka gutun jaso dituzte txikienen eskuetatik, eta belarrira ere bai mezuren bat edo beste. Trukean, eskukadaka-eskukadaka, kiloka gozoki banatu dituzte hiru pajeek. 

Udaletxeko arkupeetan pare bat orduko egonaldia egin ostean, bihar arte esanda agurtu dituzte parean zituzten herritarrak, bihar Errege Magoekin batera etorriko baitira berriz ere herrira. Lehenik eta behin, Lasaora joango dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Hango umeak agurtu ondoren, txu-txu trena hartuko dute, eta 17:15 aldera iritsiko dira parrokiara. Haurrei lehen agurra egingo diete han, eta atseden labur bat hartu ostean, 19:00etan igerilekutik abiatuta egingo dute kabalkada. Urteroko ibilbidea egingo dute, eta kalez kaleko ibilera horretan, herriko gaztetxoak izango dituzte lagun. 20:00ak aldera iritsiko dira plazara, eta udaletxeko balkoira igoko dira.

Pajeen bisitaz gain, bestelako entretenimendurik ere izan dute umeek zein heldiek gaur arratsaldean. Izan ere, puzzle kaxa izeneko jardueran ibiltzeko aukera izan dute Azokan Plzan. 3D inprimagailuekin sortutako jolasetan ibili dira bertaratu direnak, eta ederki pasatu dute. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide