Herritarrengan ilusioa piztu dute hiru erregeek

Julene Frantzesena 2025ko urt. 5a, 21:06

19:00etan hasi da Meltxorren, Gasparren eta Baltasarren nahiz haien laguntzaileen desfilea. Jendetza atera da kalera, Errege Magoei ongietorria ematera. Plaza jendez leporaino zela hartu dute hitza erregeek udaletxeko balkoian.

Ilusioa. Horixe sortu dute gaur Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek herritarrengan. Izan ere, jendetza atera da kalera, hiru erregeei eta haien laguntzaileei ongietorria ematera. Ehunka haurrek eta gaztetxok irribarrez hartu dituzte Errege Magoak kalean, bihar goizean beren etxeetan utziko dituzten oparien esperoan.

Arratsaldean Lasaotik Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara iritsi ostean, atseden hartu, eta 19:00etan atera dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar desfilean. Igerilekuaren aurrean elkartu dira horiek, haien laguntzaileak, danbor jotzaile eta tronpeta jotzaile hainbat eta herriko ikastetxeetako ikasleak. Horiek denek ohiko ibilbidea osatu dute, berezitasun nabarmenik gabe, eta plazara iristean, udaletxera igo dira hiru erregeak. Ordurako plaza jendez leporaino zegoen beteta, Errege Magoen hitzartzeen esperoan baitziren herritarrak.

Herritarren oihu artean atera dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar udaletxeko balkoira, eta haiek handik zuzendu zaizkie herritarrei. Besteren artean, opariak uzteko etxean jarriko dituzten oinetakoak ondo garbitzeko eskatu diete herritarrei. Ekitaldiaren bukaeran, erregeen laguntzaileek gozokiak banatu dizkiete haurrei eta gaztetxoei plazan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide