Danbor hotsek hartuko dute datozen orduetan Azpeitia, eta datorren astearen hasierara arte jai giroa izango da nagusi herrian. Azpeitia Gukak festen jarraipen berezia egingo du, eta azken urteetan bezala, San Sebastian bezperan, helduen danborradari lotutako zuzeneko saioa eskainiko du.
21:30etik 22:00etara sansebastianei lotutako erreportajeak ikusi ahal izango dira Azpeitia Gukaren webgunean eta Guka telebistan, eta ondoren, 22:00etan hasita, danborrada zuzenean ikusteko aukera izango da. 23:15etik aurrera, gainera, zuzeneko saio berezia eskainiko du komunikazio taldeak. Saio hori Azpeitiko udaletxetik gidatuko dute Iñaki Odriozolak eta Nerea Arakistainek, eta hainbat gonbidatu elkarrizketatuko dituzte. Halaber, danbor taldeak plazan direla, Maialen Etxaniz kazetariak hainbat herritarren adierazpenak jasoko ditu zuzenean.
Bestalde, datozen egunetan nahiz San Sebastian bezperan eta egunean jaiei lotutako hainbat eta hainbat eduki plazaratuko ditu Azpeitia Gukak. Besteren artean, elkarrizketak, erreportajeak, bideoak eta argazki bildumak jasoko ditu hedabideak atari honetan.