Zirku tailerra antolatu du Kulturazek Gure Zirkuarekin elkarlanean

Nerea Uranga 2025ko urt. 14a, 12:38

Gure Zirkuko kideak. (Kulturaz.eus)

Otsailaren bigarren asteburuan egingo dute zirku tailerra Dinamoa sormen gunean. 6 urtetik gorako pertsona guztiei zuzendutako saioak izango dira, eta izena emateko epea zabaldu dute.

Gure Zirkuko artisten eskutik zirkuko lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da otsailaren 8an eta 9an, Dinamoa sormen gunean. Izan ere, elkarlanean zirku tailerra antolatu dute Kulturazek eta Gure Zirkuak.

Zirku tailerrean zirkuko hainbat diziplina ezagutzeko eta horiekin esperimentatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Sei orduko tailerra izango da eta bi egunetan banatuta eskainiko dute Dinamoa sormen gunean, otsailaren 8an eta 9an, 11:00etatik 14:00etara.

6 urtetik gorako pertsona guztiek parte har dezakete tailerrean, eta horretarako izena emateko aukera zabaldu dute Kulturaz.eus webgunean. 40 euroko kostua izango du pertsonako, eta 30 euro ordaindu beharko dute Kulturazeko kultur bonua dutenek.

Gure Zirkua Iker Galartzak duela sei urte sortutako lehen euskal zirku ibiltaria da. Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotan izan dira karpa muntatu eta zirkuak duen xarma bereziarekin ikusleak gozarazten eta hunkitzen. Iazko ekainean Azpeitian izan zen Gure Zirkua eta emanaldi guztietarako sarrera denak bukatu egin ziren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide