Hemen da inoizko danborrada parte hartzaileena

Erredakzioa 2025ko urt. 19a, 08:30

Mendizaleak taldeko danbor jotzaile batzuk.

Kaleak eta plaza herritarrez beteko dira gaur, San Sebastian bezperan, 22:00etatik aurrera. Inoizko desfile parte hartzaileena izango da aurtengoa, Perdillegi taldea batuko baitzaio danbor festari.

Hasi da inoizko helduen danborrada parte hartzaileenerako atzera kontaketa. Aste osoan zehar azpeitiarrek egin dituzten entseguen ondoren, gaur hasiko da 24 orduko festa. Berrikuntza nagusi bat izango du aurtengo festak, izan ere, talde berri bat batuko zaio helduen danborradari: Perdillegi elkartea. "Gogoz eta ilusioz" daudela aurreratu dute talde berriko kideek. Guztira 31 taldek parte hartuko dute, beraz, aurtengo desfilean. Inoizko jendetsuena izango da San Sebastian bezpera.

Gaua danbor hotsez bete aurretik, ordea, izango dira aurreko lanak: ile apaindegietan izango dira gaueko danborren desfilean aterako diren kantinerak eta banderadunak; soziedadeetan afariak prestatzen emango dituzte azken orduak; eta soinu teknikariak-eta Perez Arregi plazatxoan pantaila erraldoia muntatzen eta kaleko megafoniaren soinu probak egiten arituko dira, besteak beste.

Ordua iristearekin batera, berriz, Azpeitiko kaleak herritarrez beteko dira helduen danborradaz gozatzeko. Desfilea Olazko Andre Mariaren Plazaren ondotik abiatuko da, 22:00etan, eta parte hartuko duten 31 taldeak hurrenkera honetan ibiliko dira kalez kale Alde Zaharrean: Oñatzbideko gastadoreak, Basazabal, Ziripot, Landeta Egizale, Alkartasuna, Ollagorra, Loiolabide Zahar, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza, Etxera, Arrantzaleak, Gure Ametsa, Ardozaleak, Iraurgi Saskibaloia, Mendizaleak, Barratsu, Zezenzaleak, Barrenetxea, Ilunpe, Inpernue, Izarraitzpe, Perdillegi, Oilo-Soro, Irrintzi, Txalintxo, Arauntza, Sanjuandegi, Izarraitz Txoko eta Zokoa. Guztira, 1.600 herritar baino gehiagok parte hartuko dute desfilean, 31 taldetan banatuta.

Goiko Kalean eta plazan behera, Done Jakue kaletik iritsiko dira taldeak parrokiara eta Perez Arregi plazara, eta bi toki horietan kokatuta joko dute aurreneko aldiz San Sebastian martxa. Gaueko lehen geldialdiaren ondoren, Elizkale, Plaza Txikia eta Enparan kalea pasatu, eta Perez Arregitik Erdikalean gora igoko dira plazaraino. Talde guztiak plazan direla eta gauerdiko kanpaiekin batera igoko dute herriko bandera udaletxeko balkoi nagusian. Mendizaleak taldeak dagokion omenaldia jasoko du udaletxean bandera igo ondoren, aurten 50 urte beteko dituelako danborradan.

Txikienen txanda, bihar

San Sebastian bezperaren ondoren, egun handia iritsiko da. Bihar goiz esnatuko da Azpeitiko herria, 09:00etan, Izarraitz txistulari taldeko eta Juan Antxieta musika eskolako kideen goiz eresiarekin. Danbor hotsak ere berriro izango dira entzungai goizean goiz Alde Zaharreko kaleetan. Izan ere, urteroko ohiturari jarraituz, Gure Ametsa eta Ardozaleak elkarteek, Udal Musika Bandarekin eta musika eskolako txilibiteroekin batera, kalejira egingo dute.

Jarraian, udal ordezkariekin batera, Elizkaletik barrena Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara joango dira. Gero, San Sebastianen irudiarekin parrokiatik irten eta Alde Zaharreko kaleetan prozesioa egingo dute. 10:45ean hasiko da aurten ere meza nagusia parrokian. Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek eta musika bandak San Sebastian martxa joko dute parrokiaren barruan, eta hura bukatu ondoren hasiko da elizkizuna. Julian Barrenetxea abesbatzak eta Azketa ahots taldeak parte hartuko dute mezan. Eguerdian, berriz, sokamuturra izango da plazan, ordu erdiz.

Umeen danborrada 12:30ean hasiko da, Olazko Andre Mariaren Plazatik. Honako hurrenkeran egingo dute desfilea aurten umeen taldeek: Iraurgiko Zumalakarregi taldea, Ikasberriko soldaduak, Iraurgiko mikeleteak, Karmelo Etxegaraiko napoleoi urdinak, Juan Antxieta musika eskola, Karmelo Etxegaraiko Bizkaiko Tertzioak, Itsasi, Iraurgiko ezpatadunak, Ikasberriko sukaldariak eta Karmelo Etxegaraiko napoleoi gorriak. Guztira, hamar talde eta 500 ume inguru elkartuko dira danborradan. Talde batzuk Arana kaletik eta Buztintzuriko Errebaletik jaitsiko dira Olazko Andre Mariaren Plazaraino; eta beste batzuk, aldiz, Artzubiatik igoko dira.

Ohiko legez, Aranatik abiatuko da karroza, eta hura diseinatzeaz arduratu da berriro aurten Aitor Exposito. Aurtengo karrozak Azpeitiko antzinako lanbideak ditu gaitzat, eta diseinua herritarrek lehenbizikoz ikusteko aukera izango dute San Sebastian egunean bertan. Karrozaren atzetik, berriz, inudez, mikeletez eta abarrez jantzita desfilean irten nahi duten herritarrak joango dira. Alde Zaharreko kaleak igaro ondoren, danborrada plazara iritsiko da, eta han errepertorioko abesti guztiak jotzen dituztenean amaituko da haurren danbor festa.

Gauean amaituko da 24 orduko festa, banderaren jaitsierarekin. Urtero bezala, 23:15ean hasiko da bandera jaitsierako danborrada. Bustinzuriko Errebaletik abiatuko dira jaitsieran parte hartuko duten honako sei taldeak: Zezenzaleak, Barrenetxea abesbatza, Ilunpe, Inpernue, Izarraitzpe eta Perdillegi talde berria. Alde Zaharreko kaleak igaro ondoren, gauerdian plazan elkartuko dira talde denak eta, Azpeitiko Musika Bandarekin batera, zuzenean joko dituzte sansebastianetako piezak. Kanpaiek hamabiak jo orduko, jaitsiko dute herriko bandera udaletxeko balkoi nagusian. Hala, datorren urtera arte isilduko dira Azpeitian sansebastianetako doinuak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide