Bukatu dituzte Gaztelekuko lanak, eta espazioaren erabiltzaileek joan den asteartetik erabilgarri dituzte sortu dituzten espazio berriak. Gaztelekuaren lehengo espazioari 80 metro koadro gehitu dizkiote, eta horri esker bi gune nagusitan banatu izan dute: bata lasaiagoa, elkarrekin eroso eta lasai egoteko espazio bat eskainiz nerabe eta gazteei. Eta bestea, dinamikoagoa edota mugituagoa dena, ping pongarekin, futbolinarekin... Hori guztia, atzo arratsaldean egindako ate irekietan ikusteko aukera izan zuten Gaztelekuaren erabiltzaileen gurasoek edota nahi zuten herritar guztiek. Ate irekietan gidari Gazteriako teknikariak, udal arduradunak eta Gaztelekuko hezitzaileak aritu ziren.
Gaztelekua handituta eta bertan gune edota espazio berriak sortuta, gazteen nahiei eta beharrei aurre egitea nahi izan dutela adierazi zuten Gazteriako arduradunek.