Lehertzear da danbor festa Azpeitian, eta dagoeneko jai giroa nabari da herrian. Ile apaindegietan buru-belarri aritu dira lanean, kantinerak eta banderadunak apain-apain jartzen aritu baitira arratsalde osoan zehar. Soziedadeetan berriz, afaria prestatzen aritu dira, batzuetan elkarteko kideak eurak, eta besteetan catering zerbitzuetako langileak. Aldiz, beste batzuk poteorako aprobetxatu dute arratsaldea.
Dagoeneko, baina, hasi da bakoitza bere txokora gerturatzen, 19:00ak aldera hasiko baitira afaltzen, ondoren 22:00etarako danborrak eta barrikak soinean dituztela prest egoteko.