Sustoak susto, sokamuturrak ere herritar ugari atera du kalera

Maialen Etxaniz 2025ko urt. 20a, 18:00

Azken txanpan dira sansebastianak, eta, urtero bezala, jendetza elkartu da arratsalde partean sokamuturraren bueltan. Diskopuntx ikuskizuna ere izan da Azoka Plazan. 23:15ean hasiko da bandera jaitsierako danborrada. 

Bukaerara iristen ari dira 2025eko sansebastianak. Eguerdian jendez bete dira kaleak umeen danborradarekin, eta arratsaldean ere asko izan dira kalera atera diren herritarrak; izan ere, urtero bezala, ikusmina sortu du sokamuturrak, eta adin guztietako herritarrak elkartu dira haren bueltan. Lopene ganadutegiko zezenak atera dituzte gaurkoan, eta Alde Zaharreko kaleetan barrena ibiliko dira 20:00ak bitarte. 

Sokamuturraz aparte, Diskopuntx ikuskizuna izan da Azoka Plazan, eta hainbat gaztetxo animatu da emanaldia ikustera. 

Gauerdian jaitsiko dute bandera udaletxetik, baina aurrez, 23:15ean hasita, danborrada egingo dute Zezenzaleak, Barrenetxea, Ilunpe, Inpernue, Izarraitzpe eta Perdillegi taldeek. Buztintzuriko Errebaletik abiatuko da bandera jaitsierako danborrada, eta ohiko bidea egin ostean, plazan amaituko da. 

Sustoa, hesiak hautsita

Tentsio uneak ere izan dira arratsaldean zehar. Zezena Done Jakue kalean zela (argazki bilduma hau argitaratu eta gerora), ikusleen segurtasunerako han jarritako egurrezko hesia puskatu eta jendea zegoen lekura sartu da zezena. Tentsio uneak izan dira, eta jendeak lasterka alde egin du lekutik, sustoa tarteko. Dena den, sokamutilek ondo bideratu dute egoera, eta Gukak jakin ahal izan duenez, ez da zauriturik izan ezbeharraren ondorioz. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide