Eduardo Agirre eta Alaitz Badiola azpeitiarrak Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren zuzendaritzako kide izango dira datozen lau urteetan. Gaur goizean egin dute zuzendaritza berria hautatzeko bozketa Abadiñon (Bizkaia), federazioaren egoitzan, eta bi azpeitiarrak tartean zituen hautagaitza, Pilota Zazpi Haizetara izenekoa, izan da hauteskundeak irabazi dituena.
Joxe Mari Mitxelena, Pilota Zazpi Haizetararen burua, izango da federazioaren lehendakari berria, Gotzon Enbil zumaiarraren lekukoa hartuta. Enaitz Olaetxea buru zuen Euskal Pilota Mundura Taldea zen hauteskundeetara aurkeztu den beste hautagaitza, baina Mitxelena, Agirre eta Badiolaren zerrendak aldearekin irabazi du gaurko bozketa: 47 klubek eman dute Pilota Zazpi Haizetara hautagaitzaren alde botoa; eta 30ek, Euskal Pilota Mundura Taldearen alde.