Feroz saria ere irabazi du Nagore Aranburuk 'Querer' telesaileko lanagatik

Mailo Oiarzabal 2025ko urt. 26a, 09:42

Nagore Aranburu bart, telesail bateko aktore onenaren sariarekin. (RTVE)

Bart banatu ditu bere sariak Espainiako zinema informatzaileen elkarteak. Joxe Aranburu aita zenari eskaini dio berea aktore azpeitiarrak: "Atte, hau zuretzat da!". Abenduan jaso zuen Forque sariari gehitu dio Feroz-a Aranburuk.

Querer telesailean egindako lana poz handiak ematen ari zaio Nagore Aranbururi. Abenduaren 14an Forque saria eskuratu ondoren, bart Feroz saria irabazi du. Telesail bateko aktore protagonista onenaren saria jaso zuen azpeitiarrak atzo Pontevedran (Galizia), Espainiako zinema informatzaileen elkarteak urtero ematen dituen sarien galan.

Sarirako beste hautagaiak –Carmen Machi, Candela Peña, Monica Lopez eta Iria del Rio– edota Querer-eko lantaldeko kideak gogora ekarri ondoren –"eskerrik asko, Miren eraikitzen laguntzeagatik"–, hunkituta, Joxe Aranburu aita zenari eskaini zion Feroz saria Aranburuk. "Querer-en asko hitz egiten da gurasoek seme-alabei uzten dieten herentziaz. Nire aita aktore amateurra zen, eta 12 urte nituenetik, herrian genuen antzerki taldearen entseguetara eramaten ninduen. Han ikasi nuen lanbide hau maitatzen", kontatu zuen Aranburuk, gaztelaniaz, aitari zuzendutako hitzok euskaraz esateko: "Atte, hau zuretzat da!".

Alauda Ruiz Azua bizkaitarrak zuzendutako Querer telesailak beste bi sari ere jaso ditu bart Pontevedran: telesail dramatiko onenarena eta telesail baten gidoi onenarena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide