Izena eman daiteke Azpeitia eta Gasteiz mendiz lotuko dituen egitasmoaren lehen etapan

Ihintza Elustondo 2025ko urt. 31a, 15:13

Besteak beste, Irimo gailurretik igaroko da ibilbidea. (Wikipedia)

Lagun Onak mendi bazkunak antolatuta, Azpeitia eta Zumarraga lotuko dituzte otsailaren 15ean, Azpeitia-Gasteiz egitasmoaren barruan. Guztira, 30 kilometro eta 1.600 metroko desnibela dituen ibilbidea osatu beharko dute partaideek. Otsailaren 13a da izena emateko azken eguna.

Lagun Onak mendi bazkunak iazko urtea bukatu aurretik jakinarazi zuen Azpeitia eta Gasteiz artekoa izango dela aurtengo urtean etapaz etapa osatuko duen ibilbidea. Etapaz etapa, mendiz mendi eta ibilaldiz ibilaldi bi herri lotzea izango da 2025. urtean ere helduei zuzendutako etapazkako egitasmoaren helburua. Eta "egitasmoa erakargarriago egiteko", Hiru Handiak sartu dituzte ibilbidean, hau da, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako tontor altuenak: Aizkorri (1.523 metro), Anboto (1.331) eta Gorbea (1.482). Hala ere, "egitasmoa ahalik eta mendizale gehienentzat egingarriagoa izateko", Aizkorri eta Anboto igarotzea tokatuko den etapetan bi tontor horiek saihestuz etapak egiteko aukera ere eskainiko du Lagun Onakek.

Hastear da egitasmo hori, eta bi aste barru, otsailaren 15ean, larunbatez, egingo dute ibilbidearen lehen etapa. Azpeitia eta Gasteiz zazpi etapatan lotzea da mendizaleen asmoa, eta lehen txangoan Azpeititik Zumarragaraino (Gipuzkoa) joango dira. Izarraitz Birako bidetik Otarrera igoko dira mendizaleak, eta handik Zazpi Kurutze mendi martxako ibilbidea jarraituko dute. Guztira, 30 kilometro eta 1.600 metroko desnibela dituen ibilbidea osatu beharko dute partaideek.

07:00etan abiatuko dira Azpeitiko plazatik, eta egun osoko ibilaldia izango da. Izen ematea zabaldu dute dagoeneko; lotura honetan eman daiteke izena. Bazkideek 7,5 euro ordaindu beharko dute, eta bazkide ez direnek, berriz, 10 euro. Otsailaren 13a izango da izena emateko azken eguna.

Hona hemen etapen egutegia –iraileko eguna zehaztea falta dute–, ibilbideko zenbait xehetasun nagusirekin osatuta:

  1. Otsailaren 15a. Azpeitia-Zumarraga (30 kilometro). Izarraitz Birako bidetik Otarrera igo, eta handik Zazpi Kurutze mendi martxako ibilbidea jarraituko dute mendizaleek.
  2. Martxoaren 15. Zumarraga-Zegama (24 kilometro). Arranoaitz mendia igo, eta Udanatik pasatu ostean, Zegamarako bidea egingo dute parte hartzaileek, Aizkorriren magaletik.
  3. Apìrilaren 12a. Zegama-Arantzazu (Aizkorri) (20 kilometro). Zegamatik Aizkorrira igo, eta handik jaitsiko dira Arantzazura, Urbian zehar.
  4. Maiatzaren 17a. Arantzazu-Landa (32 kilometro). Laugarren etapan sartuko dira Arabako lurretan mendizaleak. Andarto eta Degurixa bezalako paraje ezagunak zeharkatuko dituzte bidean eta Landako urtegian amaituko dute eguna. Hau izango da etapa luzeena.
  5. Ekainaren 28a. Landa-Otxandio (Anboto) (31 kilometro).
  6. Irailaren 13a-20a. Otxandio-Murgia (Gorbea) (29 kilometro).
  7. Urriaren 18a. Murgia-Gasteiz (21 kilometro).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide