Pilota partidekin eta herri kirol jaialdiarekin, giro ederra sortu da Matxinbentan

Ihintza Elustondo 2025ko ots. 2a, 13:58

Jai giroan murgilduta jarraitzen dute Matxinbentan. Gaur, besteak beste, kirol hitzorduak izan dira egitarauan: eskuzko pilota partidak jokatu dituzte aurrena, eta herri kirol erakustaldia izan da gero. Eguraldi ederrak lagunduta, jende ugari elkartu da auzoan.

Ostiralaz geroztik Santa Ageda festetan murgilduta dira Matxinbentan. Gaur, eguraldi ederrak lagunduta, jende ugari elkartu da auzoan, iganderako prestatutako egitarauari erantzunez. Egunari ekiteko, suziriak bota dituzte, eta 10:00etan, Beasaingo (Gipuzkoa) txistulariek alaitu dute giroa. 11:00etan, meza izan da, eta haren segidan, hamaiketakoa.

Kirol hitzorduek ere izan dute lekurik gaurkoan. 11:30ean hasita, eskuzko pilota partidak jokatu dituzte, Beasaingo eta Azpeitiko pilota elkarteetako kideen artean.Horiek amaitzean, 12:30ean, herri kirolen txanda izan da. Mikel Larrañaga, Joxe Ugarteburu eta Unai Etxeberria Osinalde aritu dira aizkoran, eta Olaia Esnaola harri jasotzen. Herri kirolariak lanean hasi eta bazkalostera artean, Itzeder eta Txibilter trikitilariek girotu dute auzoa.

Atzo, bertso afaria

Atzo arratsaldean haurrentzat ekintzak izan ziren festetako menuan; besteak beste, ume jolasez eta magia ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten gaztetxoek. Gauean, berriz, bertso afaria egin zuten Beheko Tabernan, eta goizaldera arte luzatu zen jai giroa. Jexux Mari Irazu eta Unai Izagirre aritu ziren bertsotan, eta Garixe-Maltzeta bikotea trikitiarekin zein panderoarekin.

Datorren asteazkenean amaituko dituzte festak Matxinbentan: 11:00etan, meza izango da Azpeitiko koruarekin, eta jarraian, hamaiketakoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide