Erdikaleko bi eraikin eraisten ari dira

Julene Frantzesena 2025ko ots. 5a, 12:45

Erdikaleko bi eraikin eraisten ari dira.

Erdikaleko 13 eta 15 zenbakidun eraikinak eraisten ari da udala egunotan. Udalak erosi zituen eraikin horiek eraisteko eta babestutako hamabi etxebizitza eraikitzeko xedez.

Erdikaleko 13 eta 15 zenbakidun eraikinak eraisten ari da Azpeitiko Udala, horien etxabeetan Jostaldi denda eta Amaia taberna kokatzen ziren. Azken asteetan eraikinak husten aritu dira langileak, eta egunotan horien hormak eraisten ari dira.

Udal ordezkariek joan zen irailean egin zuten agerraldi bat, udalak bi eraikin horiek erosi zituela esateko. Orduan aurreratu zutenez, eraikinok bota eta babestutako hamabi etxebizitza eraikiko dituzte, "printzipioz, salmentarako". Alde Zaharra biziberritzeko xedez eraikiko dituzte etxebizitza berriak, "herritarrak eremu horretara erakartzeko".

Behin eraikinak botata, etxebizitza berriak eraikitzeko proiektua gauzatuko du erakundeak, eta ondoren, exekutatzera aterako dute. Etxeak eginda eta herritarrentzat erabilgarri izaterako, bi urte eta erdi igaroko direla adierazi zuen joan zen irailean Nagore Alkorta alkateak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide