Alde Zaharra biziberritzeko bidean, babestutako etxebizitzak egiteko beste bi eraikin erosi ditu udalak

Ihintza Elustondo 2024ko ira. 27a, 13:20

Mikel Odriozola, Nagore Alkorta eta Joanes Amenabar, udalak Erdikalean erosi dituen eraikinen aurrean. (Ihintza Elustondo)

Azken urteetan Alde Zaharra biziberritzeko hainbat neurri jarri ditu indarrean Azpeitiko Udalak: Alde Zaharreko plan berezia onartu berri du, trasteleku komunitarioak eraikitzeko proiektua martxan du, etxe tutelatuak eraiki ditu, diru laguntza bereziak ematen ditu... Eta gaur, lehengoez gainera, datozen hilabeteetarako dituen asmoak iragarri ditu: Erdikaleko 13 eta 15 zenbakidun eraikinak erosi ditu etxebizitzak egiteko, eta Frontoi Txikiaren ondoko zabalgunean zer egin erabakitzeko parte hartzeko prozesua abiatuko du.

Azpeitiko Alde Zaharra biziberritzeko bidean, dagoeneko martxan diren neurri batzuk gogorarazi eta beste berri batzuk aurkeztu ditu gaur Azpeitiko Udalak. Nagore Alkorta alkateak eta Joanes Amenabar eta Mikel Odriozola zinegotziek egin dute agerraldia. Alkortak adierazi duenez, "Alde Zaharrak bizitza izatea" nahi dute, eta horretarako, hiru ardatzen bueltan ari dira lanean: batetik, jendea erakarri nahi dute Alde Zaharrean bizitzera; bestetik, bertan bizi direnak eroso eta gustura egotea nahi dute; eta azkenik, mugimendua eta giroa egotea nahi dute gune horretan.

Alde Zaharrak bizitza izateko, "pertsonak bertan bizitzea ezinbestekoa da", alkatearen arabera. Herritarrak gune horretara erakartzeko, etxebizitza politikan jarri dute indarra. Alde batetik, bi etxebizitza bloke erosi ditu udalak: Erdikaleko 13 eta 15 zenbakidunak, hain zuzen ere –Jostaldi denda eta Amaia taberna kokatzen zirenak–. Horiek bota eta babestutako hamabi etxebizitza eraikiko dituzte, "printzipioz, salmentarako". Alkortak jakinarazi duenez, eraiste proiektua martxan dago dagoeneko. "Lizitatuta dago eraikina botatzea, eta datorren astean martxan jarriko dugu etxebizitzak eraiki ahal izateko proiektuaren erredakzioa eta obra zuzendaritza. Botatzen ari diren heinean prestatuko dugu obra proiektuaren erredakzioa. Lehen fasean proiektua nork gauzatuko duen erabakiko da, eta proiektua entregatutakoan aterako da exekutatzera". Etxeak entregatzerako, bi urte eta erdi inguru igaroko direla kalkulatu du alkateak, gutxi gorabehera. Hark adierazi duenez, hori da neurrien artean "berrikuntzarik handiena".

Horrez gain, Alkortak gogorarazi du udalak lau bloke erosi zituela Elizkalean, pisu tutelatuen aurrean: "Bi botata daude, eta beste bi bota egingo ditugu". Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena egina dauka udalak; eremu horretan hamasei etxebizitza egin eta alokairura bideratuko dituzte. Era berean, Elizkaleko hamabi pisu tutelatuetan jarri du arreta alkateak, eta jakinarazi du han dagoeneko hamasei lagun bizi direla. Bustintzuriko Errebalean ere lau etxebizitza tasatu entregatu dituztela esan du. Santutxoko etxebizitza proiektua Alde Zaharrean ez dagoen arren, egitasmo hori ere aipatu du. "Alde Zaharrarekin lotura nabarmena du proiektuak; izan ere, bertan etxebizitzak egiteaz gain, urbanizazio lan garrantzitsua ere egingo dugu, eta horrek ahalbidetuko du Iturritxikitik Santutxora joateko igogailu bat izatea eta gunea irisgarriagoa eta erakargarriagoa bilakatzea". Guztira, eremu horretan babes publikoko 28 etxebizitza egingo dituztela gogorarazi du.

Bertan bizi direnak, "erosoago"

Bertan bizi direnak "erosoago" egon daitezen, beste hainbat neurri hartuko ditu udalak, eta horien gaineko azalpenak Amenabarrek eman ditu. "Etxeak eraikitzea bezain inportantea da lehendik dauden etxeak zaintzea eta auzotarrei ahalik eta erosotasun eta erraztasun gehien ematea". Horretarako, iraileko udalbatzarrean plan berezi bat onartu zutela gogorarazi du zinegotziak, Alde Zaharra I hirigintza eremurako. Han jasotzen denez, etxejabeei aukera emango diete teilatuetan terrazak ateratzeko, teilatupean etxeak egiteko, balkoiak ateratzeko edo etxe handiak bitan banatzeko.

Horrez gain, adierazi du auzotarrekin egin izan dituzten bileretan "behin baino gehiagotan" atera den kontua izan dela "espazio edo leku falta" dutela, eta horren aurrean, "proiektu berritzaile bat" martxan jarri dutela esan du: trasteleku komunitarioena. Interesa duten herritarren zerrenda osatuta dutela adierazi du, eta orain irekita dagoela epea beren lokala horretarako eskaintzeko prest dauden herritarrentzako –urriaren 11n bukatuko da epea–.

Diru laguntzei dagokienez, Alde Zaharrean "begirada berezia" jartzen dutela ere nabarmendu du. "Energia eraginkortasunari eta irisgarritasunari lotutako diru laguntzetan partida berezi bat dago Alde Zaharreko fatxadak margotzeko; gazteei zuzendutako alokairurako laguntzak udalerri osoan daude, baina Alde Zaharreko etxeen kasuetan laguntza handiagoa da; eta lokal hutsekin ere berdin, udalerri osoan laguntzen dituzten arren, Alde Zaharreko lokal hutsei irtenbidea emateko, laguntza berezi bat dago".

Amenabar, Alkorta eta Odriozola. (I. E.)

Kaleko giroa sustatu nahian

Kaleko giroa sustatzea ere bada udalaren asmoa, eta horretarako martxan diren neurriak zein diren azaldu du Odriozolak. Zerbitzuak Alde Zaharrera ekartzea bultzatu dutela nabarmendu du hark. Telefonicako eraikin zaharrean Udal Euskaltegia eta Atzegi daudela gogorarazi du, Done Jakuen orain gutxi Energia Bulegoa ireki dutela ere esan du, eta Soreasun hasi berri duela ikasturtea Juan Antxieta musika eskolak. Horrek Alde Zaharrean "mugimendua" sortzen duela azpimarratu du, haurrak nahiz gurasoak kalean gora eta behera ibiltzea eragiten duelako. "Horrek Alde Zaharrari bizitasun pixka bat ematen dio", esan du.

Bestalde, Goiko Kaleko 2 zenbakidun eraikina –lehen Ekindarren bulegoa egon zena eta orain Kilometroetako denda dagoena– egun udalarena dela jakinarazi du, eta hura eraitsi eta eraikin berri bat egingo dutela, udalari atxikita. Beheko solairuan, Herritarren Arreta Zerbitzua jarriko dutela iragarri du. "Askoz irisgarriagoa izango da, eta herritarrek gertuago izango dute". Goian udaleko bulegoak kokatuko dira.

Alde Zaharrari alaitasuna transmititzeko, Europako diru laguntza bati esker lokal hutsen erakusleihoetan argazkiak jarri dituztela ere gogorarazi du Odriozolak. Udal Liburutegiaren atzean itzalgunea egokitu dutela eta "harrera ona" izan duela ere esan du. Frontoi Txikiaren ondoan zegoen Gernikako arbolaren kimua erori zenetik, gune horretan "zabalgune handi bat" gelditu da, eta bertako auzotarrekin eta eragileekin parte hartze prozesu bat gauzatuko dute, gune horrekin zer egin nahi duten erabakitzeko.

Hona hemen udalak neurrien berri emateko prestatu duen bideoa:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide