Maiatzaren 10ean jokatuko dituzten Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK lasterketei begira, emakumeei zuzendutako azken aurreko entrenamendu saioa egin dute gaur. Iaz Domusa Teknik 40 MLK lasterketa irabazi zuen Gemma Arenas mendi korrikalaria izan dute gonbidatu, eta 25 bat emakumek eta beste hainbat gizonek parte hartu dute hark gidatu duen saioan.
Parte hartzaileak 08:00etan abiatu dira Azpeitiko igerileku paretik, eta hogei kilometroko eta 1.100 metroko desnibela duen ibilbidea osatu ostean, hasitako leku berean bukatu dute saioa. Dutxa beroa hartu eta gero, igerilekuan bertan egin dute indarrak berreskuratzeko balio izan dien hamaiketakoa ere.
Hurrengo emakumeentzako saioa martxoaren 8an egingo dute. Ordukoan, parte hartzaileek Oihana Azkorbebeitia izango dute bidelagun, eta aurtengo azken saioa izango denez, behar bezalako bukaera emango diote, bazkari eta guzti.
(Argazkiak: Alberto Beloki)