Atzo eguerdian Azpeitia eta Urrestilla artean auto istripua izan zuten lagunetako bi atxilotu egin dituzte. 33 eta 28 urteko bi gizon dira atxilotutakoak, eta istripua izan zuten errepidearen ondoan dagoen enpresa batean lapurreta egitea egotzi diete.
Bi autoren arteko istripua 14:17an jazo zen, GI-2635 errepidean, Biele enpresaren parean. Auto batek beste bat jo zuen, eta Ertzaintzaren arabera, talka eragin zuen autoko bi kideek korrika ihes egin zuten bidegorrian barrena, Azpeitia aldera. Udaltzaingoak geldiarazi eta atxilotu zituen bi lagunak, eta horiek Zumarragako ospitalera eraman zituzten artatzera.
Bi lagun horien autoan kobrezko kableen bederatzi bobina atzeman zituen Ertzaintzak, 150 kilo kobre inguru, eta adierazi du errepidearen ondoan dagoen enpresan lapurtutakoak zirela. "Lehen ikerketen arabera, handik ihes egiten saiatzen ari zirela sartu ziren bi egileak autoarekin errepidera presaka, eta istripua eragin zuten".
Ihes egiten saiatu ziren bi lagunek eragindako istripuan 75 urteko gizon bat zauritu zen. Ertzainez eta Udaltzainez gain, hura artatzera joan ziren ezbeharraren lekura suhiltzaileak eta anbulantzia ere. Donostiako ospitalera eraman zuten gizona istripuaren eraginez.