Erroldatu berriei ongietorria egiteko bigarren saioa antolatu du udalak biharko

Mailo Oiarzabal 2025ko ots. 11a, 16:00

Azaroaren 30eko harrera ekitaldia udaletxeko bosgarren solairuan egin zuten. Biharkoa Basazabalen izango da. (Azpeitiko Udala)

Azaroaren 1etik urtarrilaren 31ra bitartean Azpeitian erroldatu diren herritar guztiak gonbidatu ditu erakundeak. Udal ordezkariez gain herriko eragileek ere saio horietan parte hartzea nahi dute: Udal Liburutegiko eta Euskaltegiko zein Elkar-ekin taldeko kideak Basazabalen izango dira bihar.

Herrira etorri berriei harrera egiteko bigarren saioa antolatu du biharko, otsailak 12, Azpeitiko Udalak. Basazabal jauregian egingo dute ongietorri ekitaldi hori, arratsaldean.

Joan den azaroaren 29an egin zuten estreinako ekitaldia. Orduan, abuztutik ordura bitartean udalerrian erroldatutako herritarrak gonbidatu zituzten, eta 40 bat lagun elkartu ziren udaletxeko bosgarren solairuko aretoan. Biharko saiora, berriz, azaroaren 1etik urtarrilaren 31ra bitartean udalerrian erroldatu diren herritar guztiak gonbidatu ditu udalak, telefonoz deituta.

Eragileak ere harreragile

Aurrekoan bezala, Nagore Alkortak egingo die lehen harrera azpeitiar berriei bihar Basazabalen, eta alkateak zein udal ordezkariek udalaren eta herriko zerbitzuen eta baliabideen berri emango diete, besteak beste, saiora joaten direnei.

Udalak, ordea, aurrerantzean herriko eragileek ere ongietorri saioetan parte hartzea nahi du, iritsi berriei "ahalik eta harrera integralena" egiteko, eta biharkoa izango da lehendabiziko aukera; horrela, Udal Liburutegiko, Udal Euskaltegiko eta Elkar-ekin taldeko kideek ere hartuko dute hitza Basazabalen, bakoitzak eskaintzeko duena azaltzeko.

Ongietorriko ekitaldia euskaraz egingo dute, Telegram bidezko itzulpenarekin. Amaieran, elkarrekin mokadutxoa egingo dute guztiek Basazabalen bertan, "elkar ezagutzeko eta modu informalago batean elkarrekin berriketan jarraitu ahal izateko".

Zerbitzuen gida berritua

Harrera ekitaldira joaten diren herritarrei herriko zerbitzuen gida ere emango die udalak. Gida hori berritu egin dute duela gutxi; euskara hutsezko bertsioaz gain, euskara-gaztelania, euskara-ingelesa, euskara-frantsesa, euskara-arabiera eta euskara-urdua ere argitaratu ditu.

Zerbitzuen gidaren bidez "informazio praktikoa" jaso eta zabaldu nahi du udalak, herrian dauden baliabideei eta zerbitzuei buruzko informazioarekin, eta horien helbide eta telefono zenbaki guztiekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide