Azpeitira etorri berriei harrera egiteko saioa gauzatu zuen atzo Azpeitiko Udalak. Basazabal jauregian elkartu ziren herrian erroldatu berri diren hainbat lagun, Nagore Alkorta alkatearekin nahiz herriko eragile batzuetako ordezkariekin. Azalpen hainbat eman zizkieten horiei, eta ondoren, han elkartutako denek mokaduaz gozatu ahal izan zuten.
Azaroaren 1etik urtarrilaren 31ra bitartean udalerrian erroldatutako herritar guztiak zeuden hitzordura gonbidatuta, eta dozenatik gora elkartu ziren Basazabalen. Horiei udalaren eta herriko zerbitzuen eta baliabideen berri eman zieten. Halaber, Udal Liburutegiko, Udal Euskaltegiko eta Elkar-ekineko kideek egiten duten lanaren inguruko azalpenak eskaini zizkieten han elkartutakoei. Gainera, herritarrei herriko zerbitzuen gida berritua ere eman zien udalak.
Udalak egin duen bigarren harrera saioa izan zen atzokoa; izan ere, azaroaren hondarrean egin zuen lehen ekitaldia.