Etxe Alai auzoan zorua, azpiegiturak (ur sarea, saneamendua, argiteria...) eta espaloiak berritzeko lanean ari da Azpeitiko Udala. Lan horiek hiru fasetan banatuta daude, eta aurrenekoan egin beharreko ia guztiak bukatu dituzte; eskudel bat jartzea besterik ez da falta. Lanak tarteko, trafikoa norabide batean itxita egon da Etxe Alai auzoaren 4 eta 9 zenbakien atzeko aldetik, haurren parketik karakol gainera artean. Dagoeneko, lanak bukatuta, trafikoa bi noranzkoetan zabalik dago.
Iazko abenduan hasi zituzten Etxe Alai auzoko lanak. Udalak adierazi du Etxe Alai auzoko lanen bigarren fasea lizitazioan dagoela, eta enpresek martxoaren 5era arteko epea dutela eskaintzak aurkezteko. Gehienez, 367.000 euroko aurrekontua izango dute lan horiek, eta horien zati bat Ura agentziak finantzatuko du.
Bigarren fasean, Etxe Alaiko 4 eta 9 zenbakien artean egingo dituzte lanak, 1.455 metro koadroko eremuan. Udalak adierazi duenez, "irisgarritasuna eta auzotarren bizi kalitatea hobetzeko" obrak egingo dituzte bigarren fasean: eskailerak aldatu, baranda berriak jarri, espaloiak berritu, azpiegiturak hobetu eta abar.