Euskaraldia 2025

Aitziber Besga: "Azpeitia herri oso euskalduna izan arren, oraindik badago zer egin"

Julene Frantzesena 2025ko ots. 19a, 08:52

Aitziber Besga Euskaraldiaren Azpeitiko koordinatzailea. (Utzitakoa)

Maiatzaren 15etik 25era izango da Euskaraldiaren laugarren edizioa, eta euskararen erabilera sustatzeko ariketa xede duen egitasmoaren antolaketarako lehen bilera gaur egingo dute Azpeitian. Bilkuraren atarian Euskaraldiaren Azpeitiko koordinatzaile Aitziber Besgarekin (Azkoitia, 1996) hitz egin du Azpeitia Gukak.

Euskaraldirako hiru hilabete falta dira gutxi gorabehera. Antolaketarako Azpeitiko batzordea sortzear da. Zer funtzio izango du talde horrek?

Batzordeak, nagusiki, bi funtzio izango ditu. Alde batetik, egitasmoa herrira lurreratzea; ariketa gauzatuko den eremuko, hau da, Azpeitiko errealitatea kontuan izanik, Euskaraldia gauzatzeko moldaketak proposatzea eta egingarri egitea. Beste aldetik, egitasmoa antolatzeko beharrezkoak diren egitekoak gauzatzea.

Zein izango da hemendik eta Euskaraldia hasi bitartean taldearen egitekoa?

Egitekoak bi multzotan banatuko ditugu: oinarrizko ekintzak eta ekintza osagarriak. Oinarrizko ekintzen taldeak informazioa zabaltzeko, izen-ematea bultzatzeko, txapa banaketa egiteko, herria girotzeko edota Euskaraldia ikusgarri bihurtzeko ardurak izango ditu. Ekintza osagarrien taldea, berriz, aurrera begira mantenduko diren elkarguneak sortzeaz, euskalgintza saretzeaz, herrigintza lantzeaz, pedagogia egiteaz, lorpenak ikusarazteaz eta abarrez arduraduko da.

Entitateek eta herri batzordeek izena emateko epea zabalik dago. Zein izango da hurrengo urratsa?

Oinarrizko ekintzekin hasiko gara. Herritarrei Euskaraldia ariketa sozialaren  berri emango diegu, norbanakoen eta entitateen izen-emateak bultzatuz eta herria maiatzera begira pixkanaka girotzeko ekintzak antolatuz.

Herritarrek zer rol hartu ahal izango dituzte? Horiek azaltzerik bai?

Aurreko edizioetan bezala, bi rolen artean egin beharko dute hautua: ahobizi edo belarriprest. Lehendabizikoa hautatuz gero, euskaraz ulertzen duten herritar guztiekin Euskaraldiak irauten duen bitartean uneoro euskaraz aritzeko konpromisoa hartuko dute. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakitenean ere, lehen hitzak beti euskaraz egingo dituzte; eta euskaraz ulertzen baldin badute, euskaraz jarraituko dute. Bigarren rola hautatuz gero, aldiro erabakiko dute herritarrek euskaraz noiz eta norekin hitz egin. Agian, beti ez du euskaraz egingo ulertzen duten herritar guztiekin, baina euskara dakitenei modu esplizituan eskatuko diete beraiei euskaraz hitz egiteko.

Aurtengo Euskaraldiak zer ekarriko du? Izango al da berrikuntzarik?

Bi berrikuntzekin iritsiko da aurtengo Euskaraldia. Alde batetik, entitateen arloan, lanketa sakona egiteko aukera izango da, hau da, euskararen erabileran sakontzeko aurrerapausoak aztertzeko eta ezartzeko aukera izango da. Entitateek eman ditzaketen aurrerapausoak zeintzuk izan daitezkeen aztertzeaz gain, neurriak hartuko dituzte; adibidez, euskara lan hizkuntza izateko bideak topatzea, zuzendaritzaren bilerak euskaraz izatea, hizkuntza harrera plana ezartzea, ariguneak osatzeko aukera aztertzea eta abar.

Bestalde, Euskaraldiaren aurreko edizioetan, horretarako interes berezia izan zuten herrietan –Azpeitian esaterako– ekimen propioz sortu zuten Hikaldia. Aurten, berriz, laugarren ediziorako Euskaraldia Hika egitasmoa prestatu dute Taupak eta ZirHikak lankidetzan. Azpeitiak herri bezala eman du egitasmorako izena, eta beraz, martxoan, norbanakoen izen-ematea zabaltzen dutenean, parte hartzea erabakitzen duten herritarrei galdera bat gehiago egingo zaie: txapan H hizkia eraman nahi al duten. Hizki hori txapan izateak zera esan nahi du: "Nahi baduzu, nirekin hika egin dezakezu". Ez dago hika hitz egiten jakin beharrik H hori txapan ipintzeko, hitanoa ikasi edo entzun nahi duenak ere jar dezake pegatina.

Zergatik da garrantzitsua Euskaraldia?

11 egunez bada ere, euskara erdigunera ekartzen dugulako, eta hizkuntza ohiturak astinduz eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzea bultzatuz, gure hizkuntzari behar edo merezi duen ikusgarritasuna ematen diogulako. Horrez gain, ariketa ez da egun horietara soilik mugatzen; izan ere, euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatu eta gizartean errotu nahi duen egitasmoa da Euskaraldia.

Eta halako egitasmoak Azpeitian egitea zergatik da garrantzitsua?

Azpeitia herri oso euskalduna izan arren, oraindik badago zer egin. Alde batetik, euskara jakin arren gaztelerara errazegi jotzen duen jende gehiegi dago herrian; beraz, horien eta euskaldun berrien hizkuntza ohiturak aldatzea eta aldaketa horretan laguntza eskaintzea izango dira jomugan izango ditugun lehenengo puntuak. Bigarrena, berriz, gure hizkuntzaren parte den hitanoa bultzatzea eta sustatzea izango da. Gure hizkuntza indartsu baldin badago gure herrian, ondoko herrientzat eta horietako herritarrentzat eredu ere izan gaitezke, eta besteengan eraginez, gure indarra Euskal Herrira zabal dezakegu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide