Udane Juaristiren horma irudia, bukatuta

Julene Frantzesena 2025ko ots. 20a, 08:25

Udane Juaristik egin duen horma irudiaren zati bat. (Udane Juaristi)

Jose Artetxe kalea eta Sanjuandegi lotzen dituen lurpeko pasabidean egin du LGTBI+ kolektiboari presentzia emateko horma irudia artista azkoitiarrak. Pasabide horretako sabaitik ura filtratzen da hormaren zati batzuetara, eta margolana ez hondatzeko, moldaketa bat egingo dute datozen asteetan.

Itxura berritua du Jose Artetxe kalea eta Sanjuandegi lotzen dituen lurpeko pasabideak. Izan ere, LGTBI+ kolektiboari presentzia emateko horma irudi koloretsua egin du Udane Juaristi artista azkoitiarrak. Otsailaren 5ean hasi zen margoketa lanekin, eta azken kontutxo batzuren faltan, bukatuta dago irudia.

Hain zuzen ere, pasabide horretako sabaitik ura filtratzen da hormaren zati batzuetara, eta margolanean eragina izan du urak. Juaristik Azpeitia Gukari adierazi dionez, horri konponbidea emateko moldaketa bat egingo dute datozen asteetan.

Udalaren ekimenez egin du murala Juaristik. Iaz erakundeak egindako LGTBI+ diagnostikoan atera zuten ondorioetako bat izan zen kolektiboak ikusgarritasun gutxi zuela herrian, eta LGTBI+ topaketetan parte hartzen ari diren lagunek egin dituzte muralaren sormen prozesuan ekarpenak.

Azpeitiko Udalak azaldu duenez, pasabideari argitasuna emateko eta gunea politago bilakatzeko egingo du murala azkoitiarrak. Izan ere, erakundeak zehaztu du pasabide hori herriko puntu beltzetako bat dela.

Gainera, lehendik bada mural bat pasabidearen hormetako batean; 2021ean, Emakumeen Mahaiak Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguneko ekitaldien barruan antolatu zuen mural margoketa, eta herritarrek Ainara Azpiazu Axpi artista hernaniarrak eginiko diseinua margotu zuten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide