Martxoaren 8an faxismoaren aurkako aldarriak hartuko ditu kaleak

Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 7a, 19:00

Iazko Martxoaren 8an Feministen Sareak egin zuen mobilizazioaren irudia. (Aitziber Arzallus)

Hainbat hitzordu izango dira Azpeitian Emakumeen Nazioarteko Egunean. Feministen Sareak 12:30ean elkarretaratzea gauzatzeko deia egin du; Itaiak, berriz, 19.00etan egingo du mobilizazioa. Faxismoari aurre egiteko beharra nabarmendu dute biek ala biek.

Martxoaren 8an faxismoaren eta ideia erreakzionarioen gorakadari aurre egiteko deia luzatu dute Azpeitian mobilizazioak antolatu dituzten eragileek. Feministen Sareak eta Itaiak elkarretaratze bana deitu dute herriko plazan; lehenengoak, 12:30erako, eta, bigarrenak, 19:00etarako.

"Etengabe zapaltzen gaituen sistema baten kontra" egitera deitu du Feministen Sareak. Biharko irakurketa iragartzeko kaleratu zuen oharrean ohartarazi zuenez, "faxismoaren gorakada nabarmena" izaten ari da, eta, horren aurrean, "indarkeriarik gabeko bizitzak" aldarrikatuko ditu. Talde horren aburuz, borroka feministak lehentasunezko hiru ardatz ditu egun: indarkeria matxistarekin amaitzea, krisi ekosozialari erantzutea eta "sistema arrazista eta koloniala betikotzen dituzten migrazio politikak" salatzea.

Elkarretaratzearen aurretik –12:30ean izango da–, 12:00etan, umeentzako tailerra egingo dute; gero, elkarretaratzea, eta 13:00etan mokadutxoaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.

Itaiak, bestalde, matxismoari eta joera erreakzionarioei aurre egiteko beharra nabarmendu du Martxoaren 8aren aurretik egin dituen egitasmoetan, eta gauza bera berretsiko du bihar ere. Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara leloarekin, mobilizazioa deitu du 19:00etarako, plazan.

"Atzerakada ekonomikoak eta politikoak ezaugarrituriko testuinguru honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da emakume langileok lehen lerroa hartzea. Faxismoaren aurka, kaleak hartzeko momentua da", adierazi du Itaiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide