Trukutxo eremuko plan partzialari behin betiko onespena emango diote biharko udalbatzarrean

Julene Frantzesena 2025ko mar. 10a, 07:40

Azpeitiko udaletxea.

Plan partzial horrek ahalbidetuko du Hierros Servandok Trukutxo eremuan jarduera ekonomikoa martxan jartzea. 19:00etan hasiko da bilkura, eta beste gai batzuk ere landuko dituzte udal hautetsiek.

Udal ordezkariek martxoko udalbatzarra egingo dute bihar, asteartea. Ohi baino astebete beranduago egingo dute hil honetako bilkura, aurreko astean karnabalak zirelako.

19:00etan hasita, askotariko gaiak landuko dituzte; besteak beste, Trukutxo hirigintza eremuko plan partzialari behin betiko onarpena emango diote hautetsiek. Plan partzial horrek ahalbidetuko du Eibarko Hierros Servando enpresak Trukutxo eremuan jarduera ekonomikoa martxan jartzea.

Bestalde, bi hitzarmenez ere ariko dira udalbatzarrean: Ekindar energia kooperatibaren eta udalaren artekoaz, batetik; eta Kulturaz kultur kooperatibaren eta udalaren artekoa luzatzeaz, bestetik.

Hona hemen bilkurako gai zerrenda:

1.- Udalbatzak 2025eko otsailaren 4an egindako akta onartzea.

2.- Azpeitiko HAPOaren Trukutxo 31. hirigintza eremurako plan partziala behin betiko izaeraz onartzea.

3.- Azpeitiko zarata maparen behin betiko onarpena.

4.- Azpeitiko Udalaren eta Azpeitiko Ekindar kooperatiba elkartearen arteko hitzarmena, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instalatzeko jabari publikoaren erabilera pribatiboaren kontzesioa formalizatzeko.

5.- Azpeitiko kultura sustatzea helburu duen Udalaren eta Kulturaz Azpeitiko kultur kooperatibaren arteko hitzarmenaren luzapena.

6.- Azpeitiko Udaleko I. Barne Berdintasun Plana (2025-2028) onartzea.

7.- Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren arteko lankidetza hitzarmena, 2024. ekitaldirako etxez etxeko laguntza zerbitzua kudeatzeko.

8.- Alkatetzak 2025eko urtarrilean emandako ebazpenen berri ematea.

9.- Galderak eta erreguak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide