Eibarko (Gipuzkoa) Hierros Servando enpresak lantegia zabalduko du Azpeitian, Trukutxo deituriko eremuan. Enpresa horrek 2022an jakinarazi zuen Corrugados Azpeitia enpresaren Trukutxoko pabiloietan birziklapen lantegi bat irekitzeko asmoa zuela, eta hala izango dela baieztatu ahal izan du Gukak. Gainera, dagoeneko ikus daiteke Hierros Servandoren kartel bat Anardi industrialdearen ondoko biribilgunearen alboko horma batean.
Hilabeteetan luzatu da pabiloiaren salerosketaren negoziazioa, bide judizialera iritsi baitziren aldeak. Cristian Lay taldearenak dira Trukutxo eremuan dagoeneko eginda dauden azpiegiturak, eta haien prezioak sortu zuen enpresa horren eta Hierros Servandoren arteko tirabira. Gainera, auzibidea itxi arte ezin zen jarduera ekonomikorik martxan jarri Trukutxo eremuan. Dena den, denbora igarota, salmenta prezioari lotutako akordioa erdietsi dute bi aldeek, eta ondorioz, bertan behera geratu da auzia.
Orain, auzia itxita eta salmenta gauzatuta, erakundeetako izapideen fasean da Hierros Servandoren jarduera ekonomikoa martxan jartzeko prozesua. Zehazki, Azpeitiko Udalak astearteko ohiko udalbatzarrean emango dio behin betiko onespena Trukutxo eremurako Plan Partzialari –behin-behineko onespena iazko ekainean eman zion–. Horrek ahalbidetuko du Eibarko enpresak jarduera ekonomikoa martxan jarri ahal izatea.
Gainera, Hirigintzako Jarduketa Programa (HJP) ere onartuko dute udaleko Gobernu Batzordean, Nagore Alkorta alkateak Gukari esan dionez. Trukutxo eremuaren birpartzelazioa eta urbanizazio proiektua landuko dituzte, zehatzago azaldu duenez. Behin pauso horiek emanda, Hierros Servandok obretarako baimena eskatu beharko du, lantegia egokitzeko eta jarduera martxan jarri ahal izateko. Aldi berean, ingurumen balorazioa egina du enpresak –Eusko Jaurlaritzak kudeatzen du hori–, Azpeitiko alkatearen esanetan.
Irekiera datarik ez
Dena den, gaur-gaurkoz ez dute jakinarazi lantegia irekitzeko epe zehatzik. Ikusteko dago zer-nolako obrak egingo dituzten eta azpiegitura osatzean enpresak zer erabakiko duen. Lantegi berriaren jarduera burdinaren eta altzairuaren tratamenduan oinarrituko litzatekeela jakinarazi zuen enpresak duela bi urte, eta sasoi hartan aurreratu zuen "50-70 lanpostu" sortuko lituzkeela. Hala eta guztiz, ikusi egin beharko da enpresak zer bide hartzen duen.
Trukutxo eremuak 28 bat hektarea ditu, eta Azpeitia eta Lasao artean dago, Anardi-Badiolegi eremuan. Gallardo Taldea 2006an hasi zen eremu horretan lurrak erosten, eta hainbat azpiegitura egin zuen han, labeak eta txatarra parkea hara lekualdatzeko asmoz. Horretarako bi pauso eman zituzten erakundeek: Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Zarautz-Azpeitia eremuko Lurralde Plan Partziala aldatu zuten 2009an; Azpeitiko Udalak, berriz, Hirigintza Plan Orokorra aldatu zuen 2013an.