Joxe Takolo beka emango dute aurten ere Azpeitiko Udalak eta Euskal Mendizale Federazioak, 2000. urtean hil zen Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiar zenaren oroimenez. Goi mendizaletasunarekin, abenturarekin, zientziarekin, esplorazioarekin eta dibulgazioarekin lotutako proiektuak bultzatzea da bekaren xedea, eta irabazleak 4.000 euro jasoko ditu.
Gaur argitaratu dituzte 2025eko bekaren oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO), eta bihartik martxoaren 31ra bitartean izango dute herritarrek proposamenak aurkezteko epea. Eskaera aurkezteko aukera izango dute helburuarekin bat datorren jardueraren bat antolatu nahi duten Euskal Herriko mendizaleek, mendi elkarteek eta beste edozein eratako taldeek. Proiektuaren partaideak mendiko profesionalak izanez gero, ordea, proiektuak ezingo du partaideen jarduera profesionalarekin zerikusirik izan.
Beka nori eman erabakitzeko batzorde tekniko bat osatuko dute deialdia egin duten erakundeetako ordezkariek eta gaian adituak diren kideek. Besteak beste, proiektuaren originaltasuna, zailtasuna, partaide euskaldunen kopurua, partaideen parekotasuna, mendi federazioetan lizentziak izatea, aurrekontua, proiektuaren iraupena eta proiektua gauzatuko den lekua hartuko dituzte kontuan balorazioa egiterakoan. Erabakiaren berri hiru hilabeteko epean emango dute.
Beka eskaera egiteko bi bide izango dituzte interesdunek: Azpeitiko Udal Erregistroan aurrez aurre egin dezakete edota Internetez Udalaren Egoitza Elektronikoaren bidez. Deialdira aurkezteko dokumentazioa-eta honako lotura honetan eskura daitezke.
Iaz Ainhoa Caporossik aurkeztutako Kamineros boulder proiektuak eta Joseba Iztuetak, Ibon Mendiak eta Unai Cobosek aurkeztutako Izenik gabeko dorrea egitasmoak irabazi zuten Joxe Takolo beka.