Azpeitiko Udalak eta Kulturaz kooperatibak iaz banatu zituen sormen beken emaitzak plazaratuko dituzte larunbatean. Sei sortzailek jaso zuten beka 2024an, eta horiek egindako lanak jendaurrean jarriko dituzte ikusgai. Hain zuzen ere, aurkezpena eginda, lanak erakusgai izango dira martxoaren 23ra bitartean.
Intza Arakistainek, Igor Rezolak, Ane Zapirainek, Viviane Straubek, Izaro Ieregik eta Jon Amorrortuk bekak tarteko garatu dituzten proiektuen sormen prozesuaz azalpenak emango dituzte larunbatean, 12:00etan hasita, Betharrametako aretoan. Gero, haien lanak ikusgai izango dira egunero, areto horretan: astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara.
Iaz 20.000 euro bideratu zituen udalak sorkuntza beketara, eta bi laguntza mota eskaini zizkien sortzaileei: 12.000 euro bideratu zituen kultur sorkuntzaren modalitatera; eta 8.000 euro kultur sorkuntzako egonaldien modalitatera –4.000 euroko bi beka–. Kultur sorkuntzarako laguntza jaso zuten Arakistainen Hot-weels, Rezolaren Itxierak eta irekierak, Zapirainen Pasabide bat eta Strauben Textile proiektuek. Sorkuntza egonaldia gauzatu dute, bestalde, Ieregik, La ira neumatica proiektua egiteko, eta Amorrortuk Marra proiektua gauzatzeko.