Martxoaren 8an, Urola Erdiko Itaiak deituta, mobilizazioa egin dute, 19:00etan plazatik abiatuta. Matxismoari eta joera erreakzionarioei aurre egiteko beharra nabarmendu du Itaiak Martxoaren 8aren aurretik egin dituen egitasmoetan, eta gauza bera berretsi du gaur ere. Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara leloarekin gauzatu dute mobilizazioa, eta jendetza bertaratu da. Eguerdian, gainera, auto karabana egin dute, eta plazan hainbat aldarrikapen irudi eta mezu jarri dituzte.
Itaiak nabarmendu duenez, gaur Euskal Herriko hainbat txokotan "milaka pertsonak matxismoaren aurka kaleak" hartu dituzte. "Martxoaren 8a aurpegi zuriketarako erabiltzen duten alderdi politikoen, instituzioen eta enpresarien hitzontzikeriak alboratu, eta emakume langileon zapalkuntzaren aurka egiteko borroka eguna da gaurkoa. Horregatik, Martxoaren 8aren izaera iraultzailea berrartu nahi dugu. Hain zuzen, alderdi sozialistak eta bertako emakume iraultzaileek emakumeon emantzipazioa bere muturreraino eramateko abiatu zuten borrokaren lekukoa hartu nahi dugu".
Gainera, gaur egungo testuinguruak "antolatzeko eta mobilizatzeko beharra areagotu" duela uste du Itaiak. "Batetik, Europako agintarien gidaritzapean, mendebaldeko gobernuek langileon bizi baldintzak okertu eta estatuen izaera autoritarioa indartu dituzte. Eta egoera horretan milaka emakume langileren miseria areagotu da: lan baldintza prekarioak, miseriazko soldatak, emakume migranteen esplotazioa eta abar. Bestetik, ideia atzerakoiak eta matxistak indarra hartzen ari dira nonahi. Ideologia erreakzionario horrek zuzenean eragiten digu emakume langileoi, besteak beste emakumeon irudi otzana eta sexualizatua normalizatzen ari baita. Eta horrek emakumeon aurkako indarkerian zuzeneko eragina du. Nahikoa da, matxismoa behin betiko ezabatzeko borroka egin behar dugu! Miseria ekonomikoa eta matxismoa indartzen ari diren agintariek, esplotatzaileek eta faxistek aurrean izango gaituzte!", adierazi du antolakundeak.
Itaiaren arabera, irtenbidea ez da etorriko alderdi instituzionaletatik. "Are gehiago, horiek arazoaren parte dira, Europako agintarien proiektua onartu dutelako, zeinak gerrarako aukera, estatuen autoritaritarismoa eta langileon pobretzea dakartzaten. Zentzu horretan, azken urteek argi erakutsi dute instituzio kapitalistek emakumeon zapalkuntzarekin amaitzeko egiturazko mugak dituztela. Emakume langileon bizi baldintzak hobetzetik urrun, emakumeon zapalkuntzaren kudeaketara mugatu dira, eta milaka eta milaka emakumek beraien enpresa buruen esplotazioa edo erasotzaileen indarkeria pairatzen jarraitzen dute".
"Gizarteko sektore handi baten pentsaera, eskuinera"
Horrez gain, Itaiak adierazi du "sozialdemokraziaren porrotak sorturiko desatxikimenduak eskuinera" eraman duela "gizarteko sektore handi baten" pentsaera. "Horrela, alderdi eta talde ultraeskuindar zein faxistek egoera hori probestu dute sekulako interbentzio kulturala egiteko, ideia matxistak eta atzerakoiak gizarteko geroz eta kapa gehiagotan zabaltzeko".
Horregatik guztiagatik, Itaiak uste du instituzio kapitalistak ezin direla "eraldaketarako bitarteko gisa" ikusi. "Gainera, instituzioei aldarrikapenak eta exijentziak egitera mugatzeak, azken urteetan feminismoaren baitako zenbait sektorek egin duten moduan, kale mailako borrokak eta mobilizazioak lausotzea ekarri du. Kontrara, lehentasunezkoa da emakumeon zapalkuntzaren aurkako alternatiba joko zelai parlamentariotik kanpo gorpuztea, alternatiba hori zapalkuntzarik gabeko gizarte sozialistaren eraikuntzan kokatzea eta azken urteetan galdutako kale mailako borroka eta antolakuntza indartzea. Zentzu horretan, datozen lekutik datozela, diskurtso matxistei eta erreakzionarioei aurre egiteko langile klaseko kolektiboen arteko lankidetza ezinbestekoa da, eta hor emakume langileok lehen lerroan egon behar dugu: emakume migranteak, sektore feminiziatuetako langileak, indarkeria matxista pairatu dutenak. Norabide horretan, guztiok kalitatezko bizi baldintza berdinak izateko eta eskubide politikoak bermatuak izateko borrokatu behar dugu".
"Egoera larria" dela azpimarratu du Itaiak. "Bada, emakume langileon zapalkuntzari aurre egingo dion langileon mugimendu iraultzailea eraikitzeko momentua da; batetik, matxismoaren eta haren oinarrian dagoen kapitalismoaren aurkako kontzientzia zabalduz, eta, bestetik, jarrera eta eraso matxista guztien aurrean irmo erantzunez. Hori guztia gauzatzeko, ordea, esan bezala, emakume langileok lehen lerroan jardun behar dugu: emakumeon antolakunde indartsuak eraikiz eta emakumeok borroka prozesu hauetan aktibo politiko izanez". Bihar ere norabide horretan lanean jarraitzeko deia egin diete herritarrei. "Jarrera errekazionarioen eta matxisten aurkako borroka kaleetan dagoela erakusteko unea da. Sozialismoa emakumeon zapalkuntza gainditzeko aukera gisa errealitate bihurtzeko borrokatzen jarraitu behar dugu!", erantsi du Itaiak.
"Matxismoaren aurkako borrokan, emakume langileok lehen lerrora! Gora emakume langileon borroka! Gora iraultza sozialista!", aldarrikatuz amaitu dute gaurko mobilizazioa.
(Argazkiak: Itaia)