Euskaraldia 2025

Euskaraldirako izena emateko mahaietan egoteko jendea behar dute

Nerea Uranga 2025ko mar. 11a, 09:02

Aurreko Euskaraldiko edizio batean izena emateko postua plazan.

Hizkuntza ohiturak euskarara ekartzeko ariketa soziala da Euskaraldia. Ariketa horretan belarriprest eta ahobiziek izena emateko txanda martxoaren 15ean zabalduko dute. Euskaraldia antolatzeko Azpeitiko lantaldeak izena emateko mahaiak jartzeko hainbat egun adostu ditu, baina horietan egoteko herritarren parte hartzea behar du.

Euskaraldia antolatzeko Azpeitiko lantaldea biltzen ari da joan den hiletik, eta dagoeneko bi alditan bildu da hizkuntza ohiturak euskarara ekartzeko maiatzaren 15etik 25era egingo den ariketa soziala antolatzeko.

Euskal Herriko belarriprest eta ahobizi guztiei parte hartzeko deia egn die Euskaraldiak, eta martxoaren 15etik aurrrera zabalduko dute belarriprest eta ahobiziek izena emateko txanda.

Internetez euskaraldia.eus webgunean zabalduko da izena emateko aukera, baina horrez gainera, Azpeitian bertan izena emateko mahaiak jarriko dituzte hainbat egunetan. Mahai horietan egoteko jendea behar da, eta horretarako interesa duten herritarrek aitziberbesga@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko dute.

Honako egunetan eta tokietan jarri asmo dira Azpeitian Euskaraldirako izena emateko mahaiak:

  • Martxoak 21, ostirala, Sanjuandegin, 18:00etatik 20:00etara.
  • Martxoak 23, igandean, Euskelele ikuskizuna, 16:30etik 17:30era, Soreasu antzokian.
  • Martxoak 25, asteartean, plazan, 09:30etik 11:30era.
  • Apirilak 4, ostirala, plazan, 18:00etatik 20:00etara.
  • Apirilak 10, osteguna, Sanjuandegin, 18:00etatik 20:00etara.
  • Apirilak 29, asteartea, plazan, 09:30etik 11:30era.
  • Maiatzak 9, ostirala, plazan, 18.00etatik 20:00etara.

Hurrengo bilera, martxoaren 27an

Euskaraldia antolatzeko Azpeitiko batzordearen hurrengo bilera martxoaren 27an, osteguna, izango da 18:00etan, Basazabal jauregian. Herritar guztientzako bilera irekia da, eta nahi duten guztiek bertan parte hartzeko aukera dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide